Festa giroan ospatu dute Azkueren inaugurazioa

Uztarria.eus 2015ko eka. 6a, 17:04

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako jarduneko Ahaldun Nagusia eta karguan lekukoa hartuko dion Markel Olano, eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea izan dira Urrestillako lantegiaren etapa berriaren irekiera ofizialaren gonbidatuetako batzuk. Luis Azkue omendu eta enpresa berriaren ohorezko lehendakari izendatu dute.

Trikiti doinuak, bertsoak, dantzak, luntxa eta gonbidatu andana. Laster hasiko diren Urrestillako sanjuanen aurrerapen itxura hartu du gaur, zapatua, Azkue SL enpresaren inaugurazio ekitaldiak.

2012an ateak itxi zituen Azcue y Cia-ren lekukoa hartu duen lantegi berriko langile bazkideak, garai batean Azcuen jardundako hainbat langile, batzuen eta besteen senitartekoak, bailarako beste enpresa batzuetako ordezkariak eta erakunde eta alderdi politikoetako ordezkaritza zabalak bat egin dute "XXI. mendeko Azkueren" lehen urratsak ospatzeko antolatutako ekitaldian. Han izan dira, besteak beste, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua; Martin Garitano Gipuzkoako jarduneko Ahaldun Nagusia eta karguan lekukoa hartuko dion Markel Olano; Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Udaleko beste hainbat kide; eta Pello Gibelalde Adegiren presidentea.

Xebastian Lizasoren bertsoekin hasi den ekitaldian, Xabier Oleaga Azkue SL-ren administrazio kontseiluko presidenteak, Faustino Garcia-Monco kontseilariak eta Eduardo Etxarte langile bazkideen ordezkariak hartu dute hitza Azkuekoen izenean, eta Tapia sailburua eta ASLEren (Euskadiko Langile Sozietateen Elkartea) lehendakari Carlos Pujana ere igo dira oholtzara. Guztiek nabarmendu dute lantegi berri bat martxan jartzearen garrantzia, "poza" izan dute ahotan eta, batik bat, langile bazkideen ahalegina azpimarratu dute. Oleagak ekitaldira joan diren guztiei eman dizkie eskerrak eta "agur bero bat bidali" die Zestoako TS Fundicioneseko langileei, "gure bezala, industria eta lana berpiztezko sorrera delako". Jon Arratibel Azcue y Cia-ren azken gerentea, Emilio Gonzalez Bilbao eta Guillermo Badiola administratzaile konkurtsalak, Pedro Jose Malagon epailea eta komunikabideen lana gogora ekarri nahi izan ditu, halaber, Azkueren presidenteak. Eduardo Etxartek, berriz, oholtza aurrean jarritako aulki iladen atzean zutik zeudenei zuzendu die bereziki esker ona: "Protagonistak beti atzean gelditzen dira, eta horiek dira langileak, lehengoak eta oraingoak. Txalo bat", eskatu du, eta eguerdiko esku hots beroenetakoa orduantxe iritsi da.

Lantegi barruan egin den ekitaldiaren amaieran, Azcue y Cia-ren azken arduradun nagusi izan zen Luis Azkue igoarazi du oholtzara Oleagak. Pergamino bat eta makila bat oparitu -Azkue Makilas ezizenaz ezagutzen dela gogora ekarrita-, eta Azkue SLren ohorezko lehendakari izendatu dutela iragarri du kontseilu berriaren arduradunak.

Lanpar funtsa baliatuko duen aurrena

Iragarpen gehiago ere izan da Azkueren inaugurazioan. Horrela, enpresa berriaren marka korporatiboa aurkezteko baliatu dute ekitaldia. Eta Arantxa Tapia sailburuak aurreratu duenez, Azkue SL izango da Lanpar (Langileen Partaidetza) izeneko funtsa baliatuko duen aurreneko enpresa. Eusko Jaurlaritzak eta ASLEk sortutako maileguetarako funtsa da Lanpar, langileen partaidetza sustatzen duten enpresentzat sortutakoa.

Joan den urtarrilean onartu zuen epaileak Azcue y Cia-ren ondasunak langile ohiei esleitzeko baimena, baina salerosketa maiatza arte ezin izan dute gauzatu, banku hartzekodunen helegiteak tarteko. Prozesuaren luzapen horren ondorioz, "hasieran aurreikusitako negozio-plana defizit handiarekin" abiatu dutela esan dute ekitaldiaren aurretik enpresaren arduradunek. Horrenbestez, 2015 amaierarako zituzten negozio-aurreikuspenak ez dituztela beteko onartu dute. Aldiz, 2016ko martxorako eginda zituztenak gainditzea espero dute. "Urtarriletik martxora lotzen dira sektoreko salmenta kontratu nagusiak, eta guk aurten sasoi hori galdu egin dugu, epaitegietan izan dugun atzerapenagatik".

Martxo erditik ari dira lanean Azkue berrian. Enpresa abian jarri duten 34 langile bazkideak eta aldi bateko beste batzuk dira produkzioa martxan jarri dutenak; aldi baterakoek soldatak normaltasunez kobratu dituzte, baina bazkideek aurreneko soldatak datorren astean jasoko dituzte.

Zurezko parketa ekoizten hasi dira, baina hilabete barru Keeds izenarekin merkaturatuko duten gazteentzako logelak ere egiten hasiko direla esan dute; banaketarako bi katerekin lotu dituzte akordioak, guztira 200 denda ingurutan saltzeko Keeds altzariak. Udatik bueltan, berriz, goi-mailako Nueva Linea altzari markari -Azcue y Cia-rena zena- ekitea da Azkuekoen asmoa. Azken altzari mota horren eskariak jaso dituztela aurreratu dute: 2.000 ohe eskatu dizkie AEBetako bezero batek, eta 700 armairu Dubaitik.