Uztarriatik elkartasuna Goienari

Uztarria.eus 2015ko eka. 4a, 18:55
Goienaren egoitzan egin dituzten pintadetako bat. (GOIENA)

Debagoieneko Goiena Komunikazio Taldearen egoitzan pintaketak egin dituzte gaur, osteguna. Besteak beste, "Goiena = PNV" bezalako mezuak margotu dituzte komunikazio taldearen egoitzako pareta eta atean. Eraso horren aurrean, Uztarria Komunikazio Taldeak elkartasun guztia helarazi nahi die Goiena osatzen duten langile eta kide guztiei, eta bat egiten du Tokikomek plazaratu duen adierazpenarekin.

Hau da Tokikomek, tokiko euskarazko komunikabide gehienak (tartean Uztarria) batzen dituen elkarteak atera duen oharra:

"Goienak gaur jasan duen erasoa dela eta, salatu eta arbuiatzeaz bat, Tokikomek bere elkartasun eta babes osoa eskaini nahi die Goienako zuzendaritza, lan-talde, kolaboratzaile eta komunitate osoari.

Lan zaila da tokiko informazioa lantzea, ezinbestean gertutasunetik egin beharrekoa, horrek dakarren presio eta erantzukizun erraldoiarekin. Meritu handia du toki komunikabideek alor horretan egiten duten lana, urteetan egin duten ibilbidea eta lortu duten onarpena, datuek argi asko erakusten dutena.

Toki komunikabideak euskal komunitateak sortu ditu, euskal komunitatea bera elikatzeko. Tokiko informazioa euskaratik eta euskaraz lantzea dute xede bakarra. Haien kontra egiten duenak, xede horren kontra egiten du, ez besterik".