Espabilau Eguna ospatuko dute igandean Lasaon

Urola Kostako Hitza 2015ko eka. 4a, 11:49
Duela bi urteko Espabilau Eguneko irudia.

Egun osoko festa izango dute igandean lasaotarrek. Besteak beste, herri kirol erronka, paella txapelketa, bazkaria, mus txapelketa eta jolasak egingo dituzte auzoan.

Espabilau Eguna ospatuko dute igandean Lasaon, eta beste urteetan bezala herri kirolak eta sukaldaritza izango dira protagonistak aurtengo festan ere. Izan ere, trontzan, soka-tirak edo lokotx biltzen nor baino nor jardun ostean, mantala jantzita neurtu beharko dituzte indarrak auzotarrek, paella egiten. Herri kiroletan aritutako auzotar berberak lehiatuko dira kozinatzen, hori da proben xarma.

Gainontzean, 11:00etan hasiko da jaia Azpeitia eta Zestoa arteko auzoan, joaldunen kale-jirarekin. 11:30ean jokatuko dituzte herri kirolak, eta 13:00a inguruan hasiko da sukaldeko lehia. Bi txapelketak bukatuta, 14:00etan emango dizkiete sariak herri kiroletan eta sukaldean onenak izan diren taldeei, eta 14:30ean herri bazkaria egingo dute guztiek.

Arratsaldez ere egongo da zer egina Lasaon. 16:00etatik aurrera, mus txapelketa jokatuko dute, eta gaztetxoenentzat jolasak eta herri kirolak prestatu dituzte. Hasi bezala bukatuko dute eguna: Espabilau kale-jirarekin, 20:00ak inguruan.