Udako ikastaroak emango dituzte aurten ere Udal Euskaltegian

Uztarria.eus 2015ko eka. 3a, 18:40

EGAko eta HABEren bigarren eta hirugarren mailako azterketak prestatzeko eskolak emango dituzte, ekainaren 22tik uztailaren 24ra. Ikastaroetan izena emateko epea hil honen 19an bukatuko da.

Euskarako titulu ofizialak eskuratu nahi dituztenei zuzendutako udako ikastaro trinkoak antolatu dituzte aurten ere Azpeitiko Udal Euskaltegian. Zehazki, EGAko eta HABEren bigarren eta hirugarren mailako azterketak prestatzeko eskolak emango dituzte, ekainaren 22an hasi eta uztailaren 24ra arte, egunero lau ordu eta erdiz.

Izen-ematea irekita dago dagoeneko, eta ekainaren 19a baino lehen egin behar dira izapideak. Horretarako, honako aukerak daude: Udal Euskaltegira joatea (Perdillegi kalea, 1), 943811947 telefono zenbakira deitzea, edo euskaltegia@erabili.eus helbide elektronikora mezua bidaltzea. Ikasleentzat eta langabetuentzat matrikula doan da. Gainerakoek 162,38 euro ordaindu behar dute, baina euskaltegiak eskaintzen duen beka eta diru-laguntza sistemarekin matrikula osorik berreskuratzeko aukera izango dute, baldintzak betez gero.