Lagun Onakeko txirrindulari jubenilak azpitxapeldun, Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketan

Uztarria.eus 2015ko eka. 3a, 13:54
Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketako irudi bat.

Igandean jokatu zen jubenil eta kadete mailako Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketa, Zumaian. Bigarren postuan sailkatu zen Azpeitiko taldea, Andoaingo taldearen ostean.

Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko jubenilen taldea azpitxapeldun izan zen joan den igandean Zumaian jokatutako jubenil eta kadete mailako Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketan. Denboraldia hasi zenetik prestaketa lanetan aritu ostean, "egindako lana saritua" izan dela adierazi du Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak. Hala ere, bigarren postuan sailkatu izanak "pena eta zapore gazi-gozoa" eragin diela azaldu dute.

Zumaian abiatu zen lasterketa eta Iraetara iristerako denbora onenetik 15 segundura zegoen Azpeitiko taldea. Danona paretik buelta egin ostean, atzerapena areagotu eta 50 segunduko aldea atera zion lehen taldeak azpeitiarrei. Aizarnazabaldik helmugara iritsi bitartean denbora gehiago ez galtzea izan zen Lagun Onak Txirrindulari elkarteko jubenilen helburua, eta hala eutsi zioten. Bigarren postuan helmugaratu ziren azkenean Dani Horrillo, Oier Ibarguren, Unai Orbea, Aitzol Odriozola eta Antton Sanjuan azpeitiarrak, Andoaingo taldearen ostean.  

Bestalde, Euskadiko Erlojupeko Txapelketan parte hartuko dute Orbea eta Ibarguren Lagun Onakeko txirrindulariek datorren igandean, ekainak 7. Hamasei kilometroko ibilbide lauan arituko dira lehian. Gipuzkoako txirrindulari guztien artean hautaketak egin dituzte eta bi txirrindulari azpeitiarrek hartuko dute parte.