Prefabrikatutako herri etxea jarriko dute Lasaon abuzturako

Uztarria.eus eta Urola Kostako Hitza 2015ko eka. 3a, 12:01

Azpeitiko eta Zestoako udalek erdibana ordainduko dituzte lanak; 103.000 euro inguru. Kultur etxe gisa erabiliko dute: bilerak, ekitaldiak eta mokaduak egiteko.

Lasaoko Herri Etxea jartzeko obrekin hasi dira, eta bi hilabetean bukatuko dituzte lanak, kontratu esleipenaren arabera. Uneotan lurra prestatzen ari dira, ondoren eremu horretan prefabrikatutako etxe bat jartzeko. Etxe hori garraio bidez eramango dute auzora, eta zelaigunean bertan egingo dituzte muntaketa lanak.

105 metro koadroko azalera izango ditu eraikinak, eta hobi septiko bat egingo diote ondoan, Herri Etxeko eta inguruko beste eraikin batzuetako ur zikinak han garbi daitezen. Izan ere, etxeak berak ez dauka ur edangarririk; eta, behin lanak egiten hasita, inguruko urak jasotzeko konpromisoa hartu dute bi udalek. Esate baterako, hobi horretara bideratuko dute ura Gizakia Helburu droga mendekotasunaren prebentzioaren elkarteko kideek eta inguruko beste etxebizitza batzuek.

Guztien etxea

Lasaoko Herri Etxea "bilgunea" izatea nahi dute lasaotarrek, hala azaldu du Mari Jose Azkue Lasaoko auzo alkateak. "Kultur etxe baten moduan funtzionatuko du eraikin horrek, bilerak, kultur ekintzak eta jaietako ekitaldiak egingo dira bertan, baita bazkari eta afariak ere", esan du. Horrez gain, auzo alkateak nabarmendu du "auzotar guztientzat irekia" izango den eraikina dela: "Lehen aldiz denok biltzeko aukera izango dugu Lasaon, eta hori oso albiste ona da".

Dagoeneko ari dira Herri Etxeko arautegia sinatzen, tokia ondo zaindu dezaten bizilagun guztiek. Azkuek "ilusioarekin" ikusten ditu lasaotarrak: "Oso mantsoa izan da prozesua, eta horrek etsipena sortu du auzotarrengan; hala ere, berriro piztu da ilusio hori, eta jendea hasi da, hasieran bezala, berriro ere galdezka Herri Etxeaz edo haren funtzioez". Auzo alkatearen arabera, obrak ikustean konturatu dira herritarrak oraindik martxan dela proiektua.

Auzokoen parte hartzearekin erabaki zuten Azpeitiko eta Zestoako Udalek nolako Herri Etxea eraiki, bilera irekiak egin baitituzte. "Hasieran jende askok parte hartu zuen bileretan; baina, denborarekin, hori ere gutxitu egin da", adierazi du Azkuek. Haren arabera, bilgune hori aukera bat izan daiteke "auzotarrak pizteko".

Bi udalek, erdibana

Azpeitiko Udalak eta Zestoakoak erdibana ordainduko dituzte obren gastuak; 103.000 euro, gutxi gorabehera. Ruben Alberdi Zestoako alkateordeak esan du beraientzat "oso garrantzitsua" dela obra: "Udalean sartu ginenetik ikusi genuen Lasaoko bizilagunek behar zutela halako gune bat bilerak egiteko eta abar. Beraz, gure apustua horren aldekoa izan da hasiera-hasieratik", azaldu du. Alberdik esan duenez, "zenbait arazo" izan dituzte lokalaren alokairua adosteko, eta prefabrikatutako etxeak "erabat konbentzitu" ditu: "Hiru proiektu izan ditugu eskuartean, eta auzotarrekin batera hartu dugu erabakia". Gainera, Zestoako alkateordearen arabera, auzotarrek ere "lan handia" egin dute prozesuan, eta haiek aurkitu eta aurkeztu dute aukeratua izan den proiektua. Aurrez fabrikatua izan arren, etxea oso "modernoa" eta "erosoa" dela nabarmendu du Alberdik.

Auzoko bizitza ardatz

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu du Denon Artean prozesuan eskatu zutela Herri Etxea lasaotarrek, eta "asko landutako proiektua" izan dela. Haren arabera, "lur eremu handia" du Azpeitiak, eta "erdigunetik urruti" gelditzen diren auzo eta herritar asko daude. "Auzo horiek bizia izatea nahi dugu, komunitatea osatzea, beti erdigunera joan beharrik izan gabe", nabarmendu du Etxeberriak. Hori dela-eta, "gutxienekoa" iruditzen zaio auzoan biltzeko lekuren bat izatea; horregatik egin dute "apustua" etxe horren alde haiek ere. "Lasaoko kasuan ez zegoen funtzio hori betetzen zuen gunerik", esan du.

Azpeitiko alkatearen arabera, "historikoa" da lasaotarren eskaera: "Orain arte baldintza txarretan bete izan da haien eskaera". Etxeberriak espero du Lasaoko gabezia betetzea eta auzokoen bizitza hobetzea.