Badator hezkidetzaren festa

Urola Kostako Hitza 2015ko eka. 2a, 18:52
Arremanitzeko Haizea Egiguren eta Asier Baglietto. (ANA ABARISKETA)

Helduen islada dira gazteak, hala diote Arremanitzeko kideek. Hezkidetza lantzen dute zonaldeko ikastetxeetan, eta gizarte parekideagoa dute helburu. Ostiralean ikasturteko festa egingo dute, Azkoitiko plazan.

Ez da ohikoena izan eskola klasikoaren estrukturetan emozioen kudeaketaz, zapalkuntzez, sexualitateaz edo harremanen kudeaketaz hitz egitea. Eta horixe da hain justu hezkidetzaren egitekoa: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea. "Gelan ez gara denok berdinak", dio Asier Baglietto Arremanitz kooperatibako kideak. "Guretzat oso garrantzitsua da pertsonak osotasunean hazi ahal izatea", eta, beraz, matematikaz gain, emozioen kudeaketaz ere hitz egin ahal izatea ikasgeletan.

Hezkidetzak ibilbide luzea darama ikastetxeetan eta horretan dihardute Arremanitz kooperatibako hezitzaileek. Haizea Egigurenek eta Asier Bagliettok lau urte daramatzate, Harremonak programaren bidez, Azpeitiko ikastetxeetako ikasleekin emozioez hitz egiten. Ikasturte honetan sartu dira aurrenekoz Azkoitian, eta datorren ikasturtetik aurrea Zestoan hasiko dira buru-belarri. Parekietasuna, sexu hezkuntza eta tratu onak ardatz hartuta, edozertaz hitz egiten dute ikasgeletan. Hala, beldurraz edo maitasun erromantikoaz aritu dira, parekidetasunaz eta sexuaz. Betiere, ikasleen autonomia bultzatzea izanik helburu. "Gure helburua da beraiek babestea, zaintzea eta laguntzea; eta hortik aurrera, erabakiak beraiek hartzen dituzte", diote.

Autonomia horretatik jaio da, hain zuzen, ostiralean Azkoitiko plazan egingo den Tratu Onen festa, ikasleek beraiek proposatu baitzuten ikasturteari amaiera emateko festa egitea. Hala, Azkoitiko eta Azpeitiko ikasleak batuko dira herriko plazan, eta Hernanitik ere autobus bete gazte etorriko da.

Irakurri erreportaje osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.