Korputz jaien bihotz eta txinparta

Urola Kostako Hitza 2015ko eka. 2a, 11:54
Arregi, Elortza, Aranguren eta Aizpuru, Korputz jaien antolatzaileak. (Eneritz Albizu)

Igandean ospatuko dituzte Korputz jaiak Azpeitiko Enparan kaleko bizilagunek. Aizpuruk, Arangurenek, Arregik eta Elortzak 19 urte daramatzate antolaketa lanetan.

Presaka-presaka iritsi dira hitzordura Enparan Kaleko jaien antolatzaileak, zeregin ugari izaten baitituzte egunero. 70 urte inguru dituzte Mila Aizpuruk, Mari Karmen Arangurenek, Maria Jesus Arregik eta Pili Elortzak; hala ere, gogoz jarraitzen dute kaleko festak antolatzen, herriko talde-eragileetan parte hartzen eta bilobak zaintzen.

Duela hemeretzi urte hasi ziren haiek Korputz jaiak antolatzen, 1997an, eta ez dute atseden hartzeko asmorik. Mila Aizpuru aitzindaria izan zen festa horietan. Haren arabera, gizon koadrila batekin osatu zuen egitaraua lehen aldiz: "Zerbait berezia egin nahi genuen kaleko jendearekin, eta egitarau xume bat prestatu genuen". Lehen urtean, meza, kale-jira eta bazkaria egin zituzten. 80 bat pertsona bildu ziren jatorduan. Bazkalostean, kaleko lagun zaharrenak omendu zituzten, eta ohitura horri eutsi diote urtero.

Gazteei konpromiso eske

Pare bat urtez antolatu zituen Aizpuruk festak gizon haiekin; baina, ondoren, beste emakumeek hartu zuten erreleboa. Harrezkero, andre horiek ibili dira lanean. Gustura antolatzen dituzte jaiak, baina hutsune bat sumatu dute azken urteetan: "Orain artean bezala jarraituko dugu guk, adinekoen eguna antolatzen eta ospatzen. Hala ere, uste dugu gazteen inplikazioa falta dela gauza desberdinak egiteko". Arregik esan du "behar-beharrezkoa" ikusten duela gazteen parte hartzea Enparan Kaleko belaunaldien artean "lotura" sor dadin. Arangurenek, berriz, azaldu du saiatu zirela umeen eguna ospatzen urte batean, baina ez zutela izan arrakastarik. Horregatik pentsatzen dute "ilusio berriekin" osatutako talde batek "festa anitzagoak" egiteko gaitasuna izan dezakeela.

Erreportajea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.