Eneko Etxeberria da bi aldiz gehiengo osoarekin aginduko duen lehen alkatea

Uztarria.eus 2015ko mai. 26a, 19:46

1979tik gaur arte egin diren hamar udal hauteskundeetatik seitan lortu du alderdi irabazleak gehiengo osoa, lau aldiz EAJk, eta behin Bilduk eta EH Bilduk, baina egungo alkatea da errepikatu duen hautagai bakarra.

Francoren diktadura osteko hamargarren udal hauteskundeak izan ziren joan den igandekoak. Azpeitian, EH Bilduk lau urte lehenago Bilduk lortutako garaipena berretsi zuen. 2011n bezala, 2015ean ere Eneko Etxeberria izan da hauteskundeak irabazi dituen zerrendaren alkategaia. Bietan gehiengo osoarekin irabazi ditu hauteskundeak eta, horrenbestez, ekainaren 13an udal berria osatzen denean, Etxeberria izango da gehiengo osoarekin agintea bitan lortuko duen Azpeitiko lehen alkatea.

1979tik honako hamar udal hauteskundeetatik seitan lortu du alderdi irabazleak gehiengo osoa, lau aldiz EAJk, eta behin Bilduk eta EH Bilduk, baina egungo alkatea da errepikatu duen hautagai bakarra. EAJk 1979an Luziano Lazkanorekin, 1983an Imanol Eliasekin, 1991n Jose Maria Bastidarekin eta 2003an Julian Eizmendirekin lortu zuen agintea gehiengo osoarekin. Bastida, Eizmendi eta Etxeberria dira udal hauteskundeak behin baino gehiagotan irabazi dituzten hautagai bakarrak: Bastidak lau aldiz (1987an, 1991n, 1995ean eta 1999an), eta binatan Eizmendik (2003an eta 2007an) eta Etxeberriak (2011n eta 2015ean).

Udal hauteskundeak Azpeitian, zinegotzi kopurutan

1979

  • EAJk 11 (Luziano Lazkano alkategai)
  • EEk 4
  • EKAk 1
  • PSOEk 1

1983

  • EAJk 12 (Imanol Elias alkategai)
  • EEk 2
  • HBk 2
  • PSE-PSOEk 1

1987

  • EAJk 8 (Jose Maria Bastida alkategai)
  • EAk 6
  • HBk 2
  • EEk 1

1991

  • EAJk 9 (Jose Maria Bastida alkategai)
  • EAk 5
  • HBk 3

1995

  • EAJk 8 (Jose Maria Bastida alkategai)
  • EAk 5
  • HBk 4

1999

  • EAJk 7 (Jose Maria Bastida alkategai)
  • EHk 6
  • EAk 4

2003

  • EAJk 15 (Julian Eizmendi alkategai)
  • PSE-EEk 1
  • PPk 1

2007

  • EAJk 8 (Julian Eizmendi alkategai)
  • EAEk 6
  • EAk 2
  • Aralarrek 1

2011

  • Bilduk 11 (Eneko Etxeberria alkategai)
  • EAJk 5
  • Hamaikabatek 1

2015

  • EH Bilduk 10 (Eneko Etxeberria alkategai)
  • EAJk 7