Azpeitiko danbor-joleei ekainaren 21eko ekitaldian parte hartzeko deia egin die Gure Esku Dagok

Uztarria.eus 2015ko mai. 26a, 15:07

Ekitaldia Donostiako Anoeta futbol zelaian izango da, ekainaren 21ean, arratsaldez. Ekitaldian danborra joz parte hartzeko izena emateko epea zabalik da dagoeneko. Bi modutara egin daiteke izen-ematea: norbere danbor taldeko zuzendariarekin harremanetan jarrita edota Azpeitiko Gure Esku Dagok duen lokalera bertaratuta.

Gure Esku Dagok antolatuta, ekainaren 21ean Donostian egingo den Gipuzkoako ekitaldian danborra joz parte hartzeko deia egin dute Azpeitiko erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikako kideek. 

2014ko ekainean egin zen giza katearen ostean, Gure Esku Dago dinamikak erronka berria aurkeztu du: Erabakia Ehuntzen proiektua. Horren harira eta herritarren erabakitze eskubidea jai-giroan aldarrikatzeko, Donostiako Anoeta futbol zelaian ekitaldia egingo dute. Bertan presentzia nabarmena izango dute danbor joleek eta gutxieneko kopuru bat osatu beharra dagoenez, Azpeitiko Gure Esku Dagok herritarrei dei egin die ekimenean parte hartzeko. 

Izena emateko epea irekita dago eta azken eguna ekainaren 3a izango da, ekainaren 4an izango baita danbor joleen entsegu orokorra, Izarraitz pilotalekuan. Bi modutan eman daiteke izena: norbere taldeko zuzendariarekin harremanetan jarrita edota Azpeitiko Gure Esku Dagok Foru Ibilbideko 7. zenbakian duen lokalera bertaratuta. Astelehenetik ostiralera, 17:30etik 19:30era egoten da zabalik lokala, eta zapatuetan 11:00etatik 13:00etara.