Zapatuan osatuko da Udal berria

Uztarria.eus 2015ko eka. 11a, 15:05
Hauek dira Azpeitiko udalbatza osatuko duten ordezkariak.

EH Bilduk hamar ordezkari eta EAJk zazpi izango ditu datorren agintaldian (2015-2019) Azpeitiko Udalean. EH Bilduk gehiengo osoa duenez, Eneko Etxeberria izango da berriz ere Azpeitiko alkatea.

Hego Euskal Herriko herri guztietan zapatuan, ekainaren 13an, osatuko dira Udal berriak. Azpeitian ere egun horretan egingo da udalbatza berria osatzeko osoko bilkura, 12:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian.

Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetako emaitzak tarteko, Eneko Etxeberria izango da beste lau urtez Azpeitiko alkate. Izan ere, Etxeberria zerrendaburu zen EH Bilduk botoen %52,03 jaso eta gehiengo osoa eskuratu zuen. Horrenbestez, hamar zinegotzi izango ditu koalizioak Azpeitiko Udalean -azken lau urteotan baino bat gutxiago-. EAJk, berriz, zazpi ordezkari izango ditu -2011n baino bi gehiago-, botoen %41,29 jasota. Zerrendak aurkeztu dituzten beste bi alderdiek, PSE-EEk eta PPk, ez dute ordezkaritzarik lortu.

Hauek dira 2015-2019 agintaldian Azpeitiko udalbatza osatuko duten zinegotziak:

EH Bildu: Eneko Etxeberria, Estitxu Elduaien, Agustin Lizarralde, Leire Etxaniz, Iosu Labaka, Ainhoa Beristain, Aitor Bereziartua, Ainara Larrañaga, Mikel Ibartzabal eta Leire Goenaga.

EAJ: Aitor Gorrotxategi, Nerea Etxeberria, Aritz Azpiazu, Itziar Lasa, Joxe Aizpuru, Rebeka Larrañaga eta Xanti Gurrutxaga.