EAJk eskerrak eman dizkie botoa eman dieten herritarrei

Uztarria.eus 2015ko mai. 26a, 12:49

Herritarrek "emandako bultzada ikaragarria" izan dela adierazi, eta hurrengo lau urteetan "herriaren eta herritarren alde" arituko direla azpimarratu dute jeltzaleek.

Azpeitiko EAJk eskerrak eman dizkie igandean beraien aldeko hautua egin eta bozka eman zieten herritarrei, eurengan jarritako "konfidantzagatik". Aitor Gorrotxategi EAJko alkategaiak adierazi duenez, "eskerrik beroenak eman nahi dizkiet aurtengo hauteskundeetan gugan konfiatu duten ia 3.000 azpeitiarrei". Horrez gain, herritar horiek "emandako bultzada ikaragarria" izan dela azpimarratu du jeltzaleen zerrendaburuak, eta hurrengo lau urteetan "herritarren eta herriaren alde" lanean arituko direla gaineratu du. Horretarako eta "Azpeitia arlo guztietan behar den lekura itzuli dadin", alderdiak proposamenak eta ekarpenak egingo dituela esan du, "alderdiaren ikuspuntua aurkeztuz, eguneroko ibiliak eskatzen dituen gai guztietan".