Igandean jarraitu udal eta foru hauteskundeen emaitzak Uztarria.eus-en

Uztarria.eus 2015ko mai. 22a, 22:15

Igandean 11.106 herritarrek eman ahal izango dute botoa Azpeitian, horretarako jarriko dituzten 14 hautes mahaietan. Lau alderdik aurkeztu dituzte hautagaitzak Azpeitian: EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta PPk. Parte-hartze datuak, eguneko argazkiak, kontaketaren osteko emaitzak eta zerrendaburuen erreakzioak igandean bertan kontsultatu ahal izango dira webgune honetan.

Uztarria Komunikazio Taldeak udal eta foru hauteskundeen jarraipen berezia egingo du maiatzaren 24an, igandez. Parte-hartze datuak, eguneko argazkiak, boto kontaketaren osteko emaitzak eta zerrendaburuen erreakzioak igandean bertan kontsultatu ahal izango dira webgune honetan.

Igandean 11.106 herritarrek eman ahal izango dute botoa Azpeitian, horretarako jarriko dituzten 14 hautes mahaietan. Duela lau urteko udal eta foru hauskundeetan baino 85 herritar gehiagok (11.021 lagunek zuten boto eskubidea Azpeitian 2011n) eman ahal izango dute botoa igandean.

Lau alderdik aurkeztu dituzte hautagaitzak Azpeitian: EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta PPk. Eta, ondorengoak dira zerrendaburuak: Eneko Etxeberria (EH Bildu), Aitor Gorrotxategi (EAJ), Oscar Murillo (PSE-EE) eta Yago Mendez (PP).

Ondorengoak dira EH Bilduren eta EAJren hautagaitza zerrendak:

Duela lau urteko datuak

2011an Bilduk gehiengo osoz irabazi zituen udal bozak Azpeitian, botoen %54,65 lortuta. EAJ izan zen bigarren indarra eta botoen %27,99 eskuratu zituen; Hamaikabatek ere lortu zuen ordezkaritza, botoen %6,09 eskuratuta -udal hauteskunde hauetan ez da aurkeztuko Hamaikabat eta boto askatasunaren aldeko hautua egin du-. Laugarren bozkatuena, berriz, Aralar izan zen botoen %4,11 lortuta, baina ez zuen ordezkaririk lortu Udalean. Izan ere, botoen %5 behar du hautagaitza batek ordezkari bat lortzeko. PSE-EEk botoen %2,69 lortu zituen duela lau urte Azpeitian, eta PPk bozken %2,33.

Parte-hartze handia izan zen orduko udal bozetan. Bozkatzera deituta zeuden 11.021 herritarretatik 7.929k eman zuten botoa, %71,94k. 

Foru hauteskundetako 2011ko emaitzak ere antzerakoak izan ziren herrian. Bildu nagusitu zen botoen %52,94 lortuta (4.087 boto); EAJ izan zen bigarren bozkatuena, botoen %32,51 jasota (2.510 boto); Aralarrek botoen %4,56 eskuratu zituen (352 bozka); PSE-EEk botoen %3,43 batu zituen (265 boto) eta PPk %2,85 (220 boto).