Azpeitiarrek eta azkoitiarrek Libre kirol erronka jokatuko dute bihar

Urola Kostako Hitza 2015ko mai. 22a, 12:04

Orkatz Kultur Elkarteari eta zigortutako gazteei "babesa adierazteko" antolatu dute proba. Zortzi kirolarik parte hartuko dute erronkan, eta 18:00etan hasiko da, Azpeitiko Olazko Amaren plazan.

Libre erronka jokatuko dute bihar Azpeitiko eta Azkoitiko kirolariek, bigarren urtez. Probarekin Orkatz Kultur Elkartearen egoera salatuko dute, hura ixteko arriskuan dagoela-eta. Horrez gain, kirolaren bidez, antolatzaile eta parte-hartzaileek babesa adierazi nahi diete Orkatzeko kideei ez ezik, "politikoa egiteagatik sei urteko espetxe-zigorra duten zazpi gazteei" ere.

Lau probatan lehiatuko dira bailarako bizilagunak, eta zortzi pertsonek parte hartuko dute; sei gizonek eta bi emakumek. Erronka 18:00etan hasiko da, Azpeitiko Olazko Amaren plazan, eta proba gutziak plaza horretan hasi eta bukatuko dira. Hasteko, kilometro bat egingo dute arraunean Azkoitiko Eñaut Larrañagak eta Azpeitiko Jagoba Urainek. Ondoren, korrikalarien txanda izango da: Agustin Ruiz azkoitiarra eta Xabat Manzisidor azpeitiarra arituko dira, buruz buru. Haiek 2,4 kilometro egin beharko dituzte.

Korrikalariek txanda emango diote Azkoitiko Jokin Sudupe Pio eta Azpeitiko Gorka Agirre txirrindulariei, eta 5,33 kilometro egingo dituzte haiek gurpilen gainean. Emakumeen saioarekin bukatuko da erronka, beraz. Ainhoa Conde azkoitiarrak eta Maitane Aizpurua azpeitiarrak erabakiko dute nor izango den aurtengo edizioko irabazlea. Haiek ere, gizonek bezala, 2,4 kilometroko ibilbidea egingo dute.

Erreportajea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.