Buruz buru, baina bare

Uztarria.eus 2015ko mai. 21a, 14:31

Barea izan zen herenegun, asteartea, EH Bilduko zerrendaburu Eneko Etxeberriak eta EAJko Aitor Gorrotxategik Sanagustin kulturgunean egin zuten buruz buruko eztabaida (PSE-EEko Oscar Murillo eta PPko Yago Mendez ere gonbidatuta zeuden mahai-ingurura, baina ez ziren bertaratu). Uztarria Komunikazio Taldeak, Urola Kostako Hitza-k eta Erlo Telebistak antolatu zuten mahai-ingurua, eta 50 bat lagun bertaratu ziren bi hautagaien iritziak eta proposamenak entzutera.

Buruz buruko saioaren hasieran bakoitzari datozen lau urteetarako herrian dituzten lehentasunak azaltzeko aukera eman zien Eneritz Albizu moderatzaileak. Etxeberriak "ekonomia eta gizarte zerbitzuak" aipatu zituen: "Kalitatezko lanpostuak sortzea da helburua, eta gizarte zerbitzuak indartzea, inor atzean utzi gabe". Gorrotxategik euren lehentasunak ekonomia eta bizikidetza direla jakinarazi zuen. "Berreskurapen ekonomikoa da gure lehentasuna, gogor zartatuta dagoen herria egoera horretatik ateratzeko, eta bizikidetzan ere jardungo dugu, Azpeitia herri plurala delako eta denok ondo konpontzen saiatu behar dugulako".

Ordu eta erdi inguru iraun zuen saioan hainbat gai izan zituzten hizpide. Hala nola, ekonomia sustatzeko proposatzen dituzten neurri zehatzak, Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa, herriko merkataritza, turismoa, herriko gizarte eragileekin harremanak, etxebizitza, kultura, Kultur Mahaia, euskara, hirigintza edo Alde Zaharraren oinezkotzea.

Mahai-inguruaren bukaeran hitz batzuk definitzeko eskatu zitzaien bi hautagaiei, eta ondorengoak izan ziren banaka, txandakatuz, definitu behar izan zituzten hitzak: Agintea, bizikidetza, parte-hartzea, etorkina, azpeitiarra, euskalduna, gazteria, ilusioa, indarkeria, berdintasuna, autodeterminazio eskubidea, dirua, festak, EH Bildu eta EAJ.

Hemen duzue ikusgai, buruz buruko saioa osorik: