Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa irabazi du Aimar Irigoienek

Urola Kostako Hitza 2015ko mai. 20a, 13:45

Beasainen jokatu dute harri-jasotze proba. Nagusi izan da errezildarra, hiru harriekin altxaldi gehiena eginda; Hodei Iruretagoiena Izeta IV.-a izan da bigarrena eta hirugarren Mikel Lopetegi.

Aimar Irigoien errezildarrak irabazi du 2015eko Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa. Bost harri-jasotzailek hartu zuten parte Beasaingo Loinatz jaien barruan jokatutako txapelketan: Mikel Lopetegik, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.-ak, Iñigo Izagirrek, Urtzi Telleriak eta Aimar Irigoienek. Ordena horretan, 125 kiloko zilindrikoarekin, 9 arroako kubikoarekin eta 100 kiloko esferarekin hiruna minutuko saioak egin zituzten lehiakideek.

Hiru saioetan, errezildarra izan zen nagusi: hiru harriekin 78 altxaldi egin zituen, guztira. Bigarrena Izeta IV.a izan zen, 70 altxaldi eginda; eta Mikel Lopetegik lortu zuen hirugarren postua, 69 altxaldirekin. Laugarrena Urtzi Telleria izan zen (63 altxaldi) eta bosgarrena Iñigo Izagirre (57 altxaldi).