46 taldek hartuko dute parte asteburuan Iraurgi ISBren II. Topaketetan

Uztarria.eus 2015ko mai. 20a, 14:56

Maiatzaren 23an eta 24an izango da 2004., 2005. eta 2006. urteetan jaiotako haurrentzako txapelketa. Kiroldegian, Urola Ikastolan, Iraurgi Ikastetxean eta Perdillegin jokatuko dituzte partidak.

Iraurgi Saskibaloi Taldearen II. Topaketak egingo dituzte maiatzaren 23an eta 24an. Asteburu osoan jokatuko dituzte saskibaloi partidak kiroldegian, Urola Ikastolan, Iraurgi ikastetxean eta Perdillegin. 2004., 2005. eta 2006. urteetan jaiotako haurrek hartuko dute parte txapelketan eta lau multzotan banatuko diren 46 taldek jokatuko dituzte partidak. Parte-hartzaileen artean dira Burlada, Lagunak, Balmaseda, Easo, Ordizia eta Ointxe Arrasate taldeak.

Iazkoa izan zen ISBk Topaketak antolatu zituen lehen aldia eta Euskal Herriko eta Kantabriako taldeek hartu zuten parte. Antolatzaileek adierazi dutenez, parte-hartzaileek "poza eta esker ona" erakutsi zuten eta horregatik aurten "errepikatu beharreko esperientzia" dela esan dute. "Klubek egutegian apuntatu beharreko derrigorrezko" jarduera izan dadin lanean "gogor" aritu direla azpimarratu dute, eta asteburuan partidak ikustera animatu dituzte azpeitiarrak.