Zer proposatzen dute EH Bilduk eta EAJk?

Uztarria.eus 2015ko mai. 19a, 15:22

Jarraian, Azpeitiko EH Bilduk eta EAJk udal hauteskundeetarako prestatu dituzten programen laburpenak.

ENPLEGUA

EH Bildu. "Eragile ekonomiko guztiak kontuan hartuta segituko dugu lanean. Langabetuek lana bilatzeko eta lanpostuen kalitatea hobetzeko laguntzak bideratzen jarraituko dugu. Enplegu Planaren bidez, Plan Estrategikoan sakonduko dugu. Industriari dagokionez, etorkizuneko garapen aukeren bila jarraituko dugu. Horrez gain, formazioa eskaini eta Lanbide Heziketa indartzen saiatuko gara. Tokiko garapenaren aldeko apustua egingo dugu, eta merkataritza berrindartzeko neurriak hartuko ditugu. Lehen sektoreko produktuen merkaturatzea sustatzeko egitasmoak jarriko ditugu abian. Bestalde, Eusko Jaurlaritzari industria lurrak egokitzeko eskaera egiten jarraituko dugu".
 
EAJ. "Enplegua bultzatzea da gure lehentasunetako bat, eta inbertsore berrien bila arituko gara, Corrugados Azpeitia berriro martxan jartzeko edota beste produkzio helburu bat emateko lantegiari. Izan ere, berrikuntza eta nazioartekotzea dira etorkizuneko giltzarriak. Kanpoko inbertsioa ekartzeko eta proiektu propioak garatzeko harreman zuzenak bultzatuko ditugu, eta alkatea da hori gidatu behar duena. Azpeitiaren sustapen ekonomikorako Batzorde Ekonomiko eta Aholku Emailea jarriko dugu martxan eta adituek zein eragile ekonomikoek eta sozialek osatuko dute batzorde hori. Herriaren etorkizun industrialaren eta enpresarialaren arabera egokituko dugu Lanbide Heziketa, Aholkularitza Batzordearen ondorioetatik abiatuta".

GIZARTEA

EH Bildu. "Kolpatuenak diren sektoreak babesteko eta herritar guztiak duintasunez bizitzeko, gizarte beharretarako laguntza ekonomikoak indartuko ditugu. Indarkeria matxista kasuen prozesu judizialetan laguntzeko bitartekoak jarriko ditugu eta aniztasuna lantzeko plan integrala gauzatuko dugu, besteak beste".
 
EAJ. "Kohesio soziala da gure helburu nagusia. Herriko kolore, arraza eta hizkuntza aniztasunaren arteko oreka bilatu behar dugu eta ondokoari eskua luzatu. Bestalde, gardentasun osoa beharrezkoa da, eta gizarte arloko laguntzen inguruko informazioak gardena behar du izan".

KULTURA

EH Bildu. "Soreasu kultur sorkuntzarako gune erreferentzial bilakatzea dugu xede. Eragileekin eta Kultur Mahaiarekin proiektua adostutakoan, faseka garatuko dugu prozesua".
 
EAJ. "Kultura proiektu integratzailea behar da herrian. Sanagustin kulturgunea martxan dago, eta Soreasu antzokiaren bigarren fasea jarri behar da martxan. Horrek, hausnarketa sakona eskatzen du, baina egin egin behar da. Kultur Mahaiaren eta Udalaren arteko komunikazioak emankorra izan behar du, eta elkarlana sustatu behar da".

ETXEBIZITZA

EH Bildu. "Etxebizitza beharrak ezagutzeko azterketa egingo dugu, eta etxebizitza eredu desberdinak bultzatuko ditugu: babes ofizialekoak, alokairu publikokoak, zaharkitutako etxebizitzak berritzeko laguntzak... Ohiko eskaintzatik haratago, egungo beharrei eta eskaerei egokitutako etxebizitza eredu berrien alde egingo dugu. Adibidez, Udalarenak diren eraikinak egokituz. Bestalde, helduentzako etxe tutelatuen proiektua martxan jarri eta alokairurako laguntzekin jarraituko dugu".
 
EAJ. "Gazteriak zailtasunak ditu etxebizitza duina eskuratzeko, eta arazoari irtenbidea emateko, gure lehentasuna da etxebizitza sozial berriak sustatzea".

HIRIGINTZA

EH Bildu. "Egingo den obra bakoitzeko, zuzenean eragiten dieten auzotarren ekarpenak jasoko ditugu. Artetxe hotela zenaren aurrean lurpeko aparkaleku publikoa egiten saiatuko gara. Gainera, igerilekuaren eraikin zaharra eraberrituko dugu. Horrez gain, Eskuztako eremua txukunduko dugu".
 
EAJ. "Herriaren erdigunean lurpeko aparkaleku berriak egitea aurreikusten dugu, herrigunea kotxez gainezka dagoelako. Bestalde, Loiola prestakuntza zentro bihurtzeko lan egingo dugu, eta Loiolako instalazioetako batzuk ikastetxe espezializatu eta kualifikatu bilakatuko ditugu".

MUGIKORTASUNA

EH Bildu. "Garraio publikoa sustatzen eta erakundeei bailarak behar dituen loturak eskatzen jarraituko dugu. Bestalde, herriko espazio desberdinak oinezkotzeko pausoak emango ditugu".
 
EAJ. "Azpeitiak, garraio publikoari dagokionez, komunikazio gutxi eta txarra du Bilborekin eta Gasteizekin. Horrenbestez, lotura horiek indartuko ditugu".

TURISMOA

EH Bildu. "Ondareari balioa emateko abian jarritako egitasmoekin jarraitu, eta eskualdeko turismo bulegoa zabalduko dugu. Ondare historikoa eta kulturala sustatuko dugu, behar diren konponketak egin ostean (Basozabal, Alde Zaharra...)”".
 
EAJ. "Uda garaian, tren turistikoa jarriko dugu martxan, Loiola Madalenako Ospitalearekin, Soreasuko Sebastian Donearen Parrokiarekin eta Trenaren Museoarekin lotzeko. Modu horretan, erdigunean jarduera ekonomikoa sortu asmoz".

BESTERIK

EH Bildu. "Elkarlana da giltza. Gardentasunera bidean, Udalaren eta herritarren arteko informazio kanal berriak irekiko ditugu. Herri Kontseilua osatuko dugu, lehentasuntzat hartzen diren gaiei lotuta lan egiten duten eragileekin elkarlana sustatzeko. Arlokako parte-hartze mahaiekin jarraituko dugu eta aurrekontuak herritarrekin elkarlanean osatuko ditugu. Zenbait gairen inguruko erabakiak hartzeko herri galdeketak egingo ditugu. Elkarbizitzak izan behar du agintaldiaren ardatza eta hiru arlotan egingo dugu lan: Aranzadirekin gertatutakoa ezagutzen; edozein biolentziak eragindako biktimen aitortza eta errekonozimenduaren alde lan egiten; eta giza eskubideen urraketak salatzen".
 
EAJ. "Politika alde batera utzi, eta elkarbizitza berreskuratuko dugu, elkartzen gaituzten gauzak banatzen gaituztenak baino gehiago direlako. Parte-hartzea, trikimailu politiko moduan, ez zaigu baliagarri, baina bai elkarlana, lanerako metodologia kontrastatuta eta gizarteak behar bezala parte hartuta. Desberdinak elkartzea bultzatu behar dugu, baita Udaleko alderdi politikoen artean ere. Elkarbizitza eredu berri bat eraiki behar dugu, aniztasunaren, tolerantziaren eta askatasunaren aitormenean oinarrituta. Kultura horretan sinesten dugu eta hori bultzatuko dugu".