Joseba Egibar: "Garai berriotan, bakeak eta elkarbizitzak izan behar dute lanerako zutabe"

Uztarria.eus 2015ko mai. 19a, 14:35

Azpeitiko EAJk udal hauteskundeetara begira ekitaldia egin du gaur, asteartea, Done Jakue kaleko albergaren aurrean. Bertan izan dira EAJren zerrendako zenbait kide, Aitor Gorrotxategi alkategaia eta Joseba Egibar GBBko presidentea. 

Egibarrek Joxe Anton Artzeren Iturri zaharretik edaten dut poema aipatuz hasi du hitzartzea: "Hori ere bada gure alderdia. Aspaldiko alderdia da EAJ, hautagai berriak ditu Azpeitirako, eta Udalera iritsi nahi dute lanari ekiteko". EH Bildu kritikatu du GBBko presidenteak, eta esan du, "proiekturik gabe dagoen herri batek ez duela aurrera egiten". EH Bilduk hauteskundeetarako duen leloa ere izan du hizpide: "Bilduren leloa kontzeptu bat da, 'Garaile', eta menpekoa eskatzen du horrek. Garaile zerren aurrean? Garai berriak eraiki behar ditugu".

Egibarrek gaineratu du Azpeitiko EAJk "aurrera egiteko proiektuak" dituela. "Garai berriotan bakeak eta elkarbizitzak izan behar dute lanerako zutabe, eta elkarbizitza antolatzeko balore sendoak behar ditugu", adierazi du.

Egibarren ostean Aitor Gorrotxategi Azpeitiko EAJren zerrendaburuak hartu du hitza, eta "erronka handia" dela, baina "ilusioa" dutela nabarmendu du. "Azpeitiar denen alkate izaten saiatu behar dut, ekipoaren indarra daukat, eta ni entrenatzailea izango naiz", esan du Gorrotxategik. Herritarren konfiantza eskatu, eta bi helbururekin arituko dela lanean gaineratu du: "Berreskurapen ekonomikoa eta bizikidetza dira gure helburuak. Gazteek herrian bizi eta lan egin behar dute, eta ondo konpondu behar dugu herritar guztiok".