Sahara gertutik, margolan bidez

Uztarria.eus 2015ko mai. 19a, 12:37

Khamar elkarteko kideek saharar errefuxiatuen kanpamenduetara eginiko bidaietan bizitako esperientzietatik abiatuz, Udane Juaristik sahararren herria, euren ametsak eta ilusioak artelan bilakatu ditu. Elkarteko kideek kanpamenduetan ateratako argazkiak, Udanek bere estilora eraman ditu. Berak aitortzen duenez, hasieran zaila egin zitzaion sorkuntza prozesua, bere ohiko estilotik nahiko urrun zegon zerbait bezala ikusten baitzuen proiektua. Dena den, lanei "toke" berezia ematea lortu du, erakusketa bikain bat osatuz.

Betharram aretoan dago ikusgai erakusketa maiatzaren 31ra bitartean. Gainera, salgai daude bertako artelan guztiak, eta irabaziak Saharar herriaren aldeko proiektuak finantzatzeko erabiliko dira. Erakusketa honen helburu nagusia, Saharar herriak bizi duen gatazka politikoaren inguruan herritarrak sentsibilizatzea denez, hainbat ekintza antolatu ditugu erakusketaren barruan.

Erakusketak irauten duen bi larunbatetan, maiatzaren 23an eta 30ean, erakusketara gerturatzen diren guztiek te saharar goxoa dastatzeko aukera izango dute artelanak ikusten dituzten bitartean. Gainera, beraiek ere artista bilakatu ahal izango dira egun batez, horretarako prestatu ditugun plantilla batzuk erosi ahal izango dira-eta 10 euroren trukean. Beharrezko material guztia bertan egongo da.