Zurt ISB: hirutik hiru eta igoera kolkora

Uztarria.eus 2015ko mai. 17a, 16:54
Zurteko jokalariak eta entrenatzaileak pozik eta hunkituta, neurketa bukatu eta minutu gutxira.

Espainiako Emakumeen Bigarren Mailarako (LF2) txartela lortu dute Iraurgi Saskibaloiko senior neskek, etxean jokatutako igoera fase bikaina Duran Maquinaria Lourenzari 72-64 irabaziz borobilduta. Gaur, igandea, 18:30ean harrera egingo diete udaletxean, juniorren Espainiako Txapelketan brontzea eskuratu duten Aranur ISBko neskekin batera.

"Historikoa da hau. Horrelako zerbait lortzea, eta herriko jokalariekin...". Joseba Lizarralde Rubio-k horrela azaltzen zuen bere taldearen lorpenaren balioa. Handia egin dute, izan ere, Zurt ISBko neskek: ligako fase erregularrean bigarren (lehen sailkatuarekin berdintuta), lauko finala irabazita Espainiako Bigarren Mailarako (LF2) igoera faserako sailkatu eta, fase horretako hiru partidak irabazita, igoera kolkoratu.

Ostiralean Valladolideko San Isidrori (59-53) eta zapatuan Bera Berari (59-58) irabazi ondoren gaur, igandea, Lugoko Duran Maquinaria Lourenza hartu dute menpean Iraurgikoek (72-64) herriko kiroldegian, igoera modu ezin hobean gauzatuz. Galiziarrak ez dira arerio samurra izan. Lehen laurdena haientzat izan da (17-23). Bigarren laurdenean gehiago estutu dute etxekoek eta markagailuan aurretik iritsi dira atsedenaldira (39-35). Eta bigarren zatian, hor bai, kontrolpean izan dute neurketa Rubioren neskek. Harmailei betekada ederra eman dieten jarraitzaileen bultzadarekin eta, batik bat, defentsa eta joko erritmo bikainei esker, Lourenzakoak ito dituzte Zurtekoek. Hirugarren laurdena hamaika puntuko aldearekin bukatu dute (59-48) eta azkenengoan ez dute aparteko arazorik izan, garaipena ziurtatzeko (72-64).

Neurketa bukatzeko pare bat minutu falta zirela hasi da emozioa jokalarien artean gainezka egiten, aulkian zeudenek ezin malkoei eutsi. Zeresanik ez bukatutakoan: festa giroa nagusitu da, kantxan zein harmailetan. Intza Lizarazuk, taldeko kapitainak eta finaleko jokalari baliotsuenak, mikrofonoa hartu eta zaleei denboraldi osoko babesa eskertu die.

Garazi Arregi (7 puntu), Maite Lizarazu (4), Eider Bereziartua (11), Oihane Aizpurua (6), Intza Lizarazu (22), Itsaso Astigarraga (13, Ane Goenaga (4), Maitane Gurrutxaga, Aitziber Besga eta Eneritz Larrañaga (5) dira gaurko partida historikoan Zurt ISBrekin jokatu dutenak.

Harrera udaletxean

Gaur, igandea, 18:30ean harrera egingo diete udaletxean Zurt ISBkoei, juniorren Espainiako Txapelketan brontzea eskuratu duten Aranur ISBko neskekin batera. Aranurrekoek kiroldegian jaso dute aurreneko omenaldia, Zurten eta Lourenzaren arteko neurketaren atsedenaldian. Juniorren taldeko batzuk seniorren garaipenaren partaide zuzenak ere izan dira, gainera.