Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute igandean BEM-en

Uztarria.eus 2015ko mai. 15a, 19:49

Lurrun trenak hiru joan-etorri egingo ditu museoko egoitzaren eta Lasao artean. Horrez gain, museoan bertan martxan jarriko dituzte hainbat ibilgailu historiko.

Astelehenean, maiatzak 18, izango da Museoen Nazioarteko Eguna. Azpeitian, Burdinbidearen Euskal Museoak (BEM) data horren ospakizuna egun bat aurreratuko du eta igandean, hilak 17, egitarau berezia eskainiko die bisitariei.

Lurrun trenaren denboraldiko igandeetan normalean irteera bakarra egiten dute Lasaora, baina igande honetarako hiru joan-etorri jarri dituzte: 11:00etan, Allan automotoreak gidatutako trenean izango da irteera; 12:00etan eta 13:00etan, berriz, lurrunezko lokomotoreak aterako dituzte, Zugastieta aurrena eta Portugal azken bidaiarako.

Museoaren egoitzan bertan, berriz, beste ibilgailu historiko batzuk jarriko dituzte martxan 10:30etik 14:00etara: Grafton lurrun garabia eta bi tranbia, Zaragozakoa eta Bilbokoa.