Maiatzaren 22an ospatuko dute ikasturte amaierako Emakumeen Jaialdia

Uztarria.eus 2015ko mai. 14a, 20:32
Emakumeen Mahaiaren zerbitzuen hainbat erabiltzailek aurkeztu zuten Emakumeen Jaialdia.

18:00etan hasita hainbat ekitaldi izango dira, tartean Sanagustinen egingo den afaria dela. Afarirako txartelak dagoeneko eros daitezke, udaletxean edo Emakumeen Txokoan.

Emakumeen Mahaiak eta Udaleko Parekidetasun sailak antolatuta, maiatzaren 22an egingo dute aurtengo ikasturte amaierako Emakumeen Jaialdia, "ikasturtean zehar emakumeen jabetzea bultzatzeko antolatu ditugun ikastaroetako emaitzak kaleratu, eta geure artean jai giroan gozatzeko aukera paregabea". Horrela azaldu zuten jaialdiaren xedea atzo, asteazkena, jaialdiaren egitarauaren berri emateko eta herriko emakume guztiak bertara gonbidatzeko Emakumeen Txokoan egin zuten agerraldian.

Musika, antzerkia, kirola... eta jaialdia borobiltzeko egingo duten afaria uztartuta agertzen dira hilaren 22rako prestatu duten egitarauan:

  • 18:00. Gitarra emanaldia, Amaia Garmendiak zuzenduta, Sanagustinen.
  • 18:30. Punto, ta punto antzezlana, Alaitz Olaizolak zuzenduta, Jabetze eskolako antzerki tailerreko emakumeen eskutik, Sanagustinen.
  • 19:30. Emakumeen Pala Txapelketaren finala, Frontoi Txikian.
  • 21:00. Afaria, Sanagustinen. Afalondoan sabel dantza ikuskizuna, pala txapelketaren sari banaketa, bideo emanaldia...

Afarirako txartelak dagoeneko eros daitezke, 20 euroren truke, udaletxean (09:00etatik 14:00etara) edo Emakumeen Txokoan (asteartetik ostiralera 16:30etik 20:00etara, eta zapatuan 10:00etatik 13:00etara).

400dik gora emakume

Jaialdiaren aurkezpenarekin batera amaitzear den ikasturtearen balantzea ere egin zuten atzoko agerraldian. Emakumeen Mahaiaren zerbitzuak "jatorri, adin eta eremu ezberdinetako 400dik gora emakumek" erabili dituztela nabarmendu zuten. "Arrakasta gehien izan dutenak parte-hartze, sentsibilizazio eta integraziorako ekimenak izan dira, batez ere erakusketak eta hitzaldiak. Eta ondoren formazio zerbitzuko ekimenak; jabetze eskoletako ikastaroak, alegia", azaldu zuten, harrera zerbitzua eta kontsultarako gunea ere emakume askok erabili dituztela nabarmenduz.