Loiolan hasiko da igandean Euskal Herriko Bakarkako VII. Sega ligaxka

Uztarria.eus 2015ko mai. 14a, 19:28
Almitzako ordezkariak eta Azpeitiko Udalekoak udaletxean, sega ligaxkaren aurkezpenean.

Ligaxkak hiru jardunaldi izango ditu eta horko sailkapenetik aterako dira abuztuan Loiolan bertan jokatuko den Europako Txapelketarako euskal ordezkariak. Igandeko saioa 12:00etan hasiko da, Santutegiko belardietan.

Almitza Sega Elkarteko kideak Azpeitian izan ziren atzo, asteazkena, igandean Loiolan jokatuko den Euskal Herriko Bakarkako VII. Sega ligaxkaren hasiera aurkezteko. Igandeko saioa 12:00etan hasiko da eta Loiolako Santutegiko belardietan egingo dute; sarrera librea izango da. Toki berean jokatuko dira abuztuaren 28tik 30era Europako Txapelketak, eta haietan Euskal Herria ordezkatuko duten segalariak hastear den ligaxkaren sailkapenetik aterako dira.

25 gizon eta 7 emakume lehiatuko dira Euskal Herriko Bakarkako VII. Sega ligaxkan. Gizonek 10x10 metro karratuko belar saila ebaki beharko dute, eta 7x5ekoa emakumeek, Loiolan. Ligaxkak hiru jardunaldi izango ditu; Azpeitikoaren atzetik, maiatzaren 30ean Basaburuan izango dute hitzordua, eta ekainaren 20an Tolosan.

Ligaxkan aurreneko postuetan sailkatzen dutenek abuztuko Europako Txapelketarako txartelak eskuratuko dituzte. Europako Txapelketan, bost emakumek eta 10 gizonek osatuko dute euskal ordezkaritza.