Alkategaien mahai-ingurua izango da bihar

Uztarria.eus 2015ko mai. 13a, 13:21

Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan, eta jendeari irekitako ekitaldia izango da. EH Bilduko zerrendaburu Eneko Etxeberriak eta EAJren zerrendaburu Aitor Gorrotxategik hartuko dute parte mahai-inguruan.

Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeen jarraipenaren barruan, Uztarria Komunikazio Taldeak Urola Kostako Hitzarekin eta Erlo telebistarekin elkarlanean, Azpeitiko alkategaien mahai-ingurua antolatu du, biharko, maiatzak 19. Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan, eta jendeari irekitako ekitaldia izango da.

Eneko Etxeberriak (EH Bildu) eta Aitor Gorrotxategik (EAJ) hartuko dute parte mahai-inguruan. PSE-EEren hautagai Oscar Murillo eta PPren hautagai Yago Mendez ez dira Sanagustinen izango; Uztarriak gonbidapena luzatu zion Murillori, baina PSE-EEko zerrendaburuak uko egin dio parte hartzari. Aldiz, PPko zerrendaburuarekin ezin izan dute harremanetan jarri mahai-inguruaren antolatzaileek.

Eneritz Albizu kazetariak gidatuko du mahai-ingurua, moderatzaile lana eginez. Bi hautagaiei herriarekin lotutako hainbat gai jarriko zaizkie mahai gainean. Ikus-entzuleek ez dute galderak egiteko aukerarik izango mahai-inguruan. 

Erlo Telebistak saioa streaming bidez zuzenean emango du eta webgune honetan izango da ikusgai. Ondoren, grabatutako bideoa ere ikusgai izango da Uztarria.eus-en.