Salgai daude Elkartasun Eguneko kroserako dortsalak eta bazkarirako sarrerak

Uztarria.eus 2015ko mai. 13a, 12:56
Iazko Elkartasun Eguneko manifestazioko irudi bat.

Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako eta salgai daude kroserako eta bazkarirako txartelak dagoeneko. 

Zapatuan ospatuko da preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko Elkartasun Eguna. Egun osorako egitaraua prestatu dute: krosa, herri kirolak, bazkaria, manifestazioa eta kontzertuak. 

Goizean kirola izango da protagonista, krosa eta herri kirolak izango baitira. Krosa 11:30ean abiatuko da Frontoi Txikitik. Aurten ibilbide berria du eta 4,5 kilometro izango ditu lasterketak. Frontoi Txikian hasiko da proba eta Loiolabide aldera joango dira kirolariak. Handik, berriro itzuliko dira Frontoi Txikira eta bertan bukatuko da lasterketa. Krosean parte hartzeko dortsalak salgai daude dagoeneko eta Orkatz tabernan zein Aradi eta Aitzaki kirol dendetan eta igerilekuan eskura daitezke. Hamar euro balio ditu dortsalak, aurrez erosiz gero. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira, 10:00etatik 11:00etara, Frontoi Txikian, 12 eurotan.  

Krosaren ondoren, herri kirolak izango dira Perez Arregi plazan. Prest dituzte erakustaldirako taldeak eta 20 pertsonek hartuko dute parte lehian. Behin herri kirolak bukatuta, herri bazkaria egingo dute Frontoi Txikian, 14:30etan. Txartelak salgai daude Orkatz eta Izaro tabernetan. Langileek 15 euro ordaindu beharko dute eta 12 euro langabeek. 

Arratsaldean manifestazioa egingo dute 18:30ean Perez Arregi plazatik hasita. Gauerako kontzertuak prestatu dituzte eta horiek ere Perez Arregi plazan izango dira. 23:00etan hasiko dira kontzertuak eta The Friday's Crew eta Orreaga 778 taldeak izango dira oholtzan.