Nagore Aranburu izango da 'Aitaren Etxea' telesaileko protagonistetako bat

Uztarria.eus 2015ko mai. 12a, 14:05
Nagore Aranburu 'Loreak' filmeko irudi batean.

50eko hamarkadan dago girotuta telesaila eta ta hotel baten jabe den familiaren ingurukoa da istorioa. Euskal Herriko hainbat txokotan egingo dituzte grabaketak eta Zestoan ere arituko dira lanean aktoreak. 

Nagore Aranburu (Azpeitia, 1976) izango da ETB1eko 'Aitaren Etxea' telesail berriko protagonistetako bat. Irailean hasiko da telesaila eta istorioa 50eko hamarkadan dago girotuta. Hotel baten jabe den familia baten ingurukoa da. 1936ko gerraren ostean familia horrek zailtasunak izango ditu, eta maitasun istorioek ere izango du pisurik telesailean. Diktadura garaiko langileen mugimenduaren ekintzak ere izango dira tartean. 

Datozen zortzi asteetan ordu bateko hamabost atal grabatuko dituzte, guztiak Euskal Herriko eremu naturalean. Besteak beste, Zestoan eta Legazpin. 

Pausoka ekoizpen etxearen ideia da, eta Jabi Elortegi da zuzendaria. Nagore Aranbururekin batera arituko dira aktore lanetan, besteak beste, Josean Bengoetxea, Loreto Mauleon, Felix Arkarazo, Kandido Uranga, Anartz Zuazua, Iñaki Beraetxe eta Ander Azurmendi.