Gibraltar konkistatu dute azpeitiar igerilariek

Urola Kostako Hitza 2015ko mai. 8a, 11:45
Gibraltarreko itsasertzea zeharkatu duten gizonetako hiru: Badiola, Mangas eta Zubeldia. (E. Albizu Lizaso)

Tarifatik Gibraltarrera egin dute igeri Izarraitz Igeri Elkarteko harrobiko lau lagunek. Zeharkaldia bukatuta, "harro" sentitzen dira egindakoaz Badiola, Epelde, Mangas eta Zubeldia.

Mahai baten bueltan sortu zen "erokeria" hura, duela bost urte, eta asteburuan, Gibraltar-eko itsasartea zeharkatu dute hiru azpeitiarrek eta zarauztar batek: Imanol Badiolak, Mikel Mangasek, Rafa Zubeldiak eta Alex Epeldek.

Zubeldiak azaldu duenez, orain bi urte heldu zioten "serio" ideia hari. Zumaiatik Zarautzera bitarteko zeharkaldia egin zuen Zubeldiak Epelderekin, eta saio hark indarra eman zien pauso bat gehiago emateko: "Ondo egin genuen buelta hura, eta orduan hartu nuen nik, behintzat, erabakia". Erabaki hari gehitu zitzaizkion Badiola eta Mangas ere. Hitza-rekin zuten hitzordura agertu dira Badiola, Mangas eta Zubeldia. Epelde Bilbon bizi denez, ezin izan du bertan egon.

Joan den ostiralera begira jarri dira hiru kirolariak: hamasei kilometro eta 200 metro egin zituzten igeritan, Tarifatik (Andaluzia, Espainia), Gibraltarreraino (Erresuma Batua). Sakoneran, 1.000 metro zituzten azpitik; eta bi txalupa, aurretik eta atzetik. Haiez gain, beste ontzi bat izan zuten ondoan, medikuarekin. Hiru ordu eta erdian egin zuten ibilbidea igerilariek.

Gibraltar-eko itsasartea igerian egiteko taldeak (ACNEG)  kudeatzen eta arautzen ditu halako zeharkaldiak, berez ezin baita igeri egin hor. Orain dela urte eta erdi eman zuten izena saioa egiteko, baina hilabete luzez itxaroan behar izan dute beraien txanda. "Mundu osotik joaten da jendea hara, eta asteburu guztiak okupatuta egon ohi dira", azaldu du Zubeldiak. Igerilarien arabera, Gibraltarrekoa bezalako zortzi bat itsasarte daude munduan, eta beraiek egin dutena da "berezienetakoa".

Erreportaje osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.