Bilbao Mendi Film Festibaleko lan onenak, maiatzeko azken astean Soreasun

Uztarria.eus 2015ko mai. 7a, 19:09
Maite Azpiazu (Ta3), Kepa Urbieta (Sanagustin), Aitor Unanue (Lagun Onak MB) eta Manuel Unanue (Udala), Mendi Astearen aurkezpenean.

Lagun Onak Mendi Bazkunak aurkeztu du 2015eko udaberriko Mendi Astea. Horren barruan, hilaren 26an eta 28an, hainbat film ikusteko aukera izango da, mendizaleek Ta3 zineklubarekin, Sokaitz eskalada taldearekin eta Sanagustin kulturgunearekin elkarlanean antolatu duten ekimenaren barruan.

Maiatzaren 24an Txalintxoko egunarekin hasi eta maiatzaren 31n Xoxotekoarekin bukatuko da aurten ere Lagun Onak Mendi Bazkunaren udaberriko Mendi Astea. Tartean, eta mendi aste orotan bezala, mendizaletasunarekin zerikusia duten proiekzioak ez dira faltako. Aurten, gainera, zine formatuan iritsiko dira proiekzioak, eta horixe izango da Mendi Astearen nobedade nagusia.

Maiatzaren 26an eta 28an, asteartea eta osteguna, Menditour iritsiko da Soreasu antzokira eta, berarekin, bi saiotan Bilbao Mendi Film Festibalaren azken edizioko lanik onentsuenak ikusteko aukera. Guztira sei film emango dituzte, bi maiatzaren 26koan eta lau 28koan. Bietan, 21:00etan hasiko dira emanaldiak.

Gauzatutako nahia

Aitor Unanue Lagun Onak MBren lehendakariak aurkepenean azaldu zuenez, "urtero punta-puntako proiekzioak eman izan ditugu mendi asteetan, bai maiatzekoan eta bai abendukoan, baina beti genuen zine formatuko proiekzioren bat ekartzeko gogoa. Saiakerak ere egin izan ditugu eta, orain dela hiru urte, Ta3 zineklubekoen eskutik, Pura vida emateko modua izan genuen Soreasun. Handik aurrera helburu bezala jarri genuen, urtean behin bederen, mendi astearen barruan Soreasun zine proiekzio bat ematea. Eta aurten, azkenean, gauzatu ahal izan dugu nahia".

Mendizaleen eta zineklubekoen orain hiru urteko elkarlan hari eragile gehiago batu zaizkio aurten. Sokaitz eskalada taldearekin eta Sanagustin kulturgunearekin batera aritu dira lanean Lagun Onak MB eta Ta3, Menditour Azpeitira ekartzeko. Eta, Sanagustingo Kepa Urbietak esan bezala, "Udala ere batu zaigu ibilbide horretan". Urbietaren esanetan, "aurreneko aldia izango da halako kalitatea eta prestigioa duen festibal bateko filmak Azpeitian eta bailaran ikusiko dituguna. 2008an hasi zen eta, gaur arte, mendia eta abentura lotzen dituzten film onenen bilgunea izaten da Mendi Film".

Azpeitian ikusi ahal izango diren filmen artean daude Bilboko jaialdiaren azken edizioan sariak jaso dituzten filmak: Valley Uprising (Urrezko Eguzkilorea eta Publikoaren Saria), Sati (Mendiko Film Onenaren Saria) eta Duct Tape Surfing (Laburmetraia Onenaren Saria).

Film guztiak jatorrizko bertsioan emango dituzte, euskarazko azpitituluekin.

Bi egunerako bonoa aukeran

Egun bakoitzeko sarrerak 5 eurotan salduko dituzte. Bi egunetan joatea nahi dutenek, ordea, bi saioetarako bonoa erosteko aukera izango dute, 8 euroren truke. Bonoak aurrez erosi ahal izango dira, mendizaleen tabernan edo Sanagustin kulturgunean, eta Internet bidez ere bai, Sanagustinen webgunean.

Mendi Astearen egitaraua

Maiatzak 24, igandea

Txalintxoko Eguna. 09:00etan plazatik abiatuta, gaztetxoentzako egun osoko irteera, erromeriarekin eta umeentzako jolasekin, besteak beste.

Maiatzak 26, asteartea

Menditour-en lehen saioa Soreasun, 21:00etan. Afterglow eta Valley Uprising filmak emango dituzte.

Maiatzak 28, osteguna

Menditour-en bigarren saioa Soreasun, 21:00etan. Sati, Duct Tape Surfing, Sufferfest 2 eta Mission Steeps filmak emango dituzte.

Maiatzak 31, igandea

Xoxoteko Eguna. 09:00etan plazatik irtenda, egun osoko festa eta erromeria.