Bost azpeitiarrek hartuko dute parte Gipuzkoako Bertsolari txapelketaren lehen fasean

Uztarria.eus 2015ko mai. 7a, 12:41

74 bertsolari aurkeztu dira sailkapen fasera, eta horietatik bost dira azpeitiarrak. Guztira, 30 bertsolarik izango dute txapelketan parte hartzeko aukera eta 13 sailkatuta daude dagoeneko. Saikatu horien artean dira Jokin Uranga eta Beñat Lizaso azpeitiarrak. 

Zapatuan hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. 74 bertsolarik hartuko dute parte, eta horietatik bost dira azpeitiarrak: Oier Etxeberria, Jon Gurrutxaga, Josu Oiartzabal, Urko Egaña eta Haritz Garmendia. 

Bertsolari bakoitzak bi saiotan abestuko du maiatzaren 9a eta ekainaren 6a bitartean. Bi txandetako puntuak batuta, puntuazio altuena lortzen dutenak pasatuko dira irailaren 20an hasiko den txapelketara. Igandean, maiatzak 10, abestuko dute Haritz Garmendia, Urko Egaña, Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria azpeitiarrek, Joseba Agirre, Ibai Easoin eta Maddi Gallastegi bertsolariekin batera. Bigarren fasea irailean hasiko da, eta Jokin Uranga eta Beñat Lizaso sailkatuta daude dagoeneko.

Urola Kostako Hitza-k Jon Gurrutxaga azpeitiar bertsolariarekin hitz egin du, lehen aldiz hartuko du-eta parte txapelketan. Dagoeneko beste sariketa batzuetan parte hartu duenez, ezagun zaizkio kanporaketa faseak eta "esperientzia" faktore garrantzitsua izango dela uste du Gurrutxagak. Igandera begira, bere helburuak "kontzentratuta egotea" eta "fasea igotzea" dira.