Udalak diru laguntza bideratuko du Nepalera

Uztarria.eus 2015ko mai. 6a, 12:48

Lurralde horretan gertatutako lurrikaran kaltetutakoei laguntzeko 5.000 euro bideratuko ditu Azpeitiko Udalak Nepalera. Ezbeharraren ondorengo egoera kezkagarria ikusita, herriko Child Bright fundazioa laguntza eske dabil. 

Azpeitiko Udalak 5.000 euro bideratuko ditu Nepalera, orain gutxi han izandako lurrikaran kaltetutakoei laguntzeko. Udalak Nepalgo umezurtegien proiektuak bultzatzeko laguntza eman izan dio herriko Child Bright Fundazioari hainbat urtetan, garapen bidean dauden herrialdeetara eta nazioarteko lankidetzara bideratzen duen laguntzaren baitan. Izan ere, Udalak aurrekontuaren %0,7a egitasmo horietara bideratzen duela adierazi du Leire Etxaniz Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Child Bright Fundazioa laguntza ekonomikoa eskatzen ari denez eta egungo hondamendia ikusirik Udalak ohiko laguntzez gain, Nepalera 5.000 euro bideratzea erabaki du.

Zezen Beltz elkarteak ere bideratu du laguntza ekonomikoa Nepalera, lurrikaran kaltetutako herritarrak laguntzeko eta Child Bright Fundazioa lagundu asmoz. Fundazioko kide Idoia Unanueri elkarrizketa egin zion Uztarria.eus-ek joan den astean.