Loiolako liburutegia ikasleentzat irekiko dute maiatzeko eta ekaineko asteburuetan

Uztarria.eus 2015ko mai. 5a, 20:13
Santutegiaren, Udalaren eta liburutegiaren ordezkariak. Ezkerretik eskubira, Koldo Altzibar, Mari Jose Iturria, Luis Lakabe eta Olatz Berasategi. (AZPEITIKO UDALA)

Goiz eta arratsaldez zabalik izango dira ikasgelak, zapatu eta igande, maiatzaren 9tik ekainaren 28ra. Santutegiko liburutegia erabili ahal izateko derrigorrezkoa izango da bertako karneta izatea, eta sarreran zenbakia idaztea.

Azterketa garaietan ohikoa bihurtu denez, Azpeitiko Udalaren eta Santutegiaren elkarlana bitarteko dela, Loiolako liburutegia ikasleen eskura jarriko dute datozen asteburuetan, datorren zapatutik hasita. Horrela, maiatzaren 9an hasi eta ekainaren 28a arte, asteburuetan liburutegiko ikasgelak azterketak-eta prestatu behar dituzten ikasleentzat bakarrik irekiko dituzte. Tarte horretan liburutegia ikerketarako edota liburuak eskatzeko baliatu nahi dutenek, astelehenetik ostiralera egin beharko dute.

Hurrengo zortzi asteburuetan Santutegiko liburutegian ikasi nahi dutenek derrigorrezkoa izango dute bertako karnetaren jabe izatea, eta liburutegiko sarreran dagokien zenbakia idaztea. Goizez 09:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 15:30etik 19:00etara egongo da zabalik liburutegia zapatu eta igandeetan.