Lan-orientazioari eta formazioari buruzko informazioa bildu eta erakusteko webgunea lantzen ari dira

Uztarria.eus 2015ko mai. 4a, 18:52

Eskualdeko lan munduko orientazioari eta formazioari buruzko informazioa "modu argi eta erraz batean" ematea helburu, sarean informazio guzti hori bateratuko duen webgune bat sortzeko lanetan dabiltza bailarako hainbat eragile. Hain zuzen ere, joan den apirilaren 28an webgune horren zirriborroa aurkeztu zuten udaletxeko areto nagusian (argazkian), partaideen artean osatu eta adosteko asmoarekin.

Azpeitiko Udalaren Hezkuntza sailaren ekimenez orain dela urtebete abian jarritako proiektuan elkarlanean ari dira Udala bera, Azpeitiko Ikastola Ikasberri Koop., Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntza (Bozi), Gazte Informazio Bulegoa (GIB), Iraurgi Berritzen -koordinazioaren arduraduna-, Iraurgi Ikastetxea, KZ Gunea, Lanbide, Orientazio zerbitzua eta enplegu zentroa, eta Urola Ikastola. Egitasmoa finkatzen doan neurrian, Urola Erdiko gainontzeko udalei eta eragileei azaltzeko asmoa dute.