Willy Toledo: "Espainian zinea egitea zaila bada, eduki sozialak dituen zinea egitea are zailagoa da"

Urola Kostako Hitza 2015ko mai. 4a, 13:55

Historias de Lavapies filma aurkeztu zuen larunbatean Willy Toledo aktoreak, Azpeitiko Soreasu antzokian. 185 lagun bildu ziren zine aretoan, eta pelikula amaitzean, antzezlearekin hitz egiteko aukera izan zuten herritarrek. Toledok aho bizarrik gabe azaldu zuen zein den Espainiako zinemaren egoera: "Espainian zinea egitea zaila bada, eduki sozialak dituen zinea egitea are zailagoa da. Gero hori zabaltzea, aretoeetan aurkeztea, ia ezinezkoa da". Historias de Lavapies, adibidez, Madrilgo bi antzezleku xumetan eta Granadan soilik aurkeztu dute, gainontzeko lekuetan ez dutelako baimenik lortu. Atzokoa bezalako egitasmoei esker dute aukera filma hedatzeko, aktorearen arabera.

Zabalkundea ez da arazo bakarra; izan ere, finantziazioa lortzea ere oso zaila dela azaldu zuen filmeko protagonistak. Haren hitzetan, Tele5, Antena3 eta TVE atzetik ez badituzu, "ia ezinezkoa" da zinea egitea. Historias de Lavapies lanaren kasuan, aurrekontu murritza izan dute, eta pare bat pertsonek beraien poltsikotik jarri dute dirua; aktoreek, berriz, ez dute xoxik jaso.

Sistemaren arazoa

Willy Toledok oso argi ditu gauzak, eta ziurtatzen du sistema kapitalistaren bideak eta eredu eskuindarrak "kulturaren gainbehera" ekarri dutela. "Botereak beti argi izan du kultura dela bere etsai nagusietakoa, egungo gobernuak ere erakutsi du hori", azaldu zuen. Eskuinak kultura "suntsitu" nahi duela esan zuen Toledok, eta haien helburua dela hura Norma Dubal eta halako irudiengatik aldatzea. Argi dauka esku-hartze handia duela gobernuak herritarren ikuspegian: "Beti esaten dute telebistan zaborra programatzen dutela herritarrek zaborra kontsumitu nahi dutelako, hura dutelako gustuko. Herritarrek zaborra nahi dute kontsumitu, benetan? 30 urtez pelikula onak jarriko bagenizkieke, zer gustatuko litzaieke?". Hausnartzeko puntuak utzi zizkien aktoreak azpeitiarrei.

Eskuinak herri "isila, lerdoa eta sumisoa" nahi duela nabarmendu zuen, baina ardura herritarrengan ere jarri zuen madrildarrak. Gaur egungo egoera eta gizartea ezagutzea eta haiekin konprometitzea beharrezkotzat jo zuen Toledok. Zinemagintzan ere oinarrizkoa iruditzen zaio sistemari kritika egitea, egunean eguneko arazoak islatzeko. Hala ere, esan zuen aktoreen artean, gutxi direla beraien ideiengatik bukaera arte borroka egiteko gogoa dutenak: "Argiztapeneko langileak dira, agian, borrokalarienak. Sindikatu sendoak dituzte haiek, oso ondo antolatuta daude, eta haiei esker egiten ditugu guk ere askotan grebak eta protestak", adierazi zuen.

Militantziaren ondorioez ere galdetu zieten aktoreari, eta argi erantzun zuen hark: "Militantzia politikoak denei eragiten die. Konbentzitzeko gaitasuna eta jendea mugitzekoa baduzu, ez zaituzte nahi". Bestalde, azaldu zuen gero eta gutxiago deitzen diotela filmetarako, eta gero eta gehiago eztabaida eta halako programetarako. Hiru arrazoi zerrendatu zituen: langabezia eta aktore ugari lan bila ibiltzea; gaur egungo zine ereduak ia-ia gazteak soilik erabiltzen dituela produkzioetarako; eta, hirugarrena, militantzia, ezkerreko ideiak sutsuki defenditu izana, eta beti pentsatzen duena esan izana.

Ordu eta erdiz jardun zuen solasean Willy Toledok Soreasun, eta eskerrak eman zizkien hara gerturatu ziren herritarrei. Larunbateko saioaren ostean, Elorrion (Bizkaia) izan zen aktorea atzo, igandea.

'Historias de Lavapies'

Historias de Lavapies Madrilgo Lavapies auzoan oinarritutako filma da. Fikziozkoa den arren, lau istorio errealista lantzen ditu ordu eta erdi inguruan. Krisi ekonomikoak eta sozialak herritarrei nola eragin dien erakusten du pelikulak: pobrezia, murrizketak, prostituzioa, hezkuntza, atzerritarren egoera… Ramon Luque da pelikulako zuzendaria, eta Willy Toledo antzezle ezaguna, berriz, protagonista.