Azpeitiak Errenteriarekin neurtuko ditu indarrak eskuzko Herriarteko Txapelketaren final-zortzirenetan

Uztarria.eus 2015ko api. 30a, 19:40

Maiatzaren 24ko asteburuan jokatuko dute joanekoa, eta itzulerakoa 31koan, Azpeitian. Txapelketa final-hamaseirenetako kanporaketekin abiatuko da maiatzaren 10eko aste bukaeran, baina fase hori jokatzetik salbu gelditu dira Ilunpe Pilota Elkartekoak.

Azpeitiak atzo, asteazkena, ezagutu zuen esku-pilotako 2015eko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan izango duen lehen aurkariaren izena: Errenteriarekin neurtuko dituzte indarrak azpeitiarrek, final-zortzirenetan. Azken bi edizioetan jokatu gabe gelditu ondoren, itzulerako Herriartekoa izango da aurtengoa Azpeitiarentzat.

Maiatzaren 24ko asteburuan jokatuko dute Azpeitiak eta Errenteriak kanporaketaren joanekoa, eta itzulerakoa 31koan, Azpeitian.

Eskuzko Herriartekoa maiatzaren 10eko asteburuan hasiko da. Orduan jokatuko dituzte final-hamaseirenetakoan joaneko neurketak, baina Ilunpe Pilota Elkarteko ordezkariak lehen kanporaketa fase hori jokatzetik salbu gelditu dira. Guztira, 22 herrik hartuko dute parte aurten Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan.