Bihotz-biriken suspertzeaz eta desfibrilagailuen erabileraz ikastaroa emango du DYAk

Uztarria.eus 2015ko api. 24a, 13:15

Maiatzaren 4an eta 5ean emango dute, Azpeitiko egoitzan. Parte-hartzea irekia da, aldez aurreko ezaguerarik izatea ez da beharrezkoa. Proba teoriko-praktikoak gainditzen dituztenek ikastaroa gainditu dutela ziurtatzen duen agiria jasoko dute.

DYAk beste ikastaro bat emango du Azpeitian, maiatzean. Oraingoan, bihotz-biriken geldialdia identifikatzen, oinarrizko bihotz-biriken suspertze (BBS) mugimenduak egiten eta KDA (kanpoko desfribilagailu erdi-automatikoa) erabiltzen irakatsiko diete DYAkoek izena ematen dutenei, teoria eta praktika uztartuko dituen ikastaroan.

Bi saiotan emango dute ikastaroa DYAren Azpeitiko egoitzan, maiatzaren 4an eta 5ean, 18:30etik 21:00etara. Parte-hartzea irekia da, aldez aurreko ezaguerarik izatea ez da beharrezkoa. Izena eman nahi duenak 943464622 telefonora deitu dezake. Ikastaroaren prezioa 90 euro dira; DYAk jarriko ditu material didaktikoa eta ikastaroko ikus-entzunezko baliabideak. Talde murriztua osatu nahi dute antolatzaileek eta, horrela, ikastarorako lekuak mugatuak dira. Proba teoriko-praktikoak gainditzen dituztenek ikastaroa gainditu dutela ziurtatzen duen agiria jasoko dute.