Lurrunezko trenaren kabinan bidaiatzeko aukera, Burdinbidearen Euskal Museoaren eskaintza berria

Uztarria.eus 2015ko api. 23a, 18:42

Azpeitia eta Lasao arteko joan-etorrien denboraldi osoan, azaroaren 1a arte, aurrez izena emandako bisitariek izango dute esperientzia hori bizitzeko parada, Egun batez sugina eskaintza berriaren barruan. Igande eguerdiko irteeretan izango da, eta egun bakoitzeko bidaiari bakarrak har dezake parte, 50 euroren truke.

Burdinbidearen Euskal Museoak eskaintza berri bat jarri du bisitarien eskuetan. Lurrunezko trenen asteburuetako bidaien eskaintzarekin lotuta, Egun batez sugina ekimena jarri dute abian museoan, bidaiariei Azpeitia eta Lasao arteko joan-etorria lurrunezko tren-makinaren kabinan egiteko aukera eskainiz. Museoaren arduradunen esanetan, "ekimen hau arrunta da Alemaniako, Frantziako edo Britainia Handiko bestelako tren turistikoetan, baina berria da Iberiar Penintsulan".

Lurrunezko trenaren irteeren denboraldia bukatu arte, azaroaren 1a arte, aurrez izena emandako bisitariek izango dute esperientzia hori bizitzeko parada. Igande eguerdiko irteeretan izango da, eta egun bakoitzeko bidaiari bakarrak har dezake parte, 50 euroren truke. Trenaren kabinan bidaiatu nahi dutenek aukeratutako eguna baino gutxienez 72 ordu lehenago egin behar dute erreserba, posta elektronikoz, museoa@euskotren.es helbidera idatzita.

Erreserba baieztatutakoan, hitzartutako igandean goizeko 11:00etarako museoan egon beharko du bidaiariak; irteera baino ordu eta erdi lehenago, alegia, igandeetako trenaren joan-etorria 12:30ean abiatzen baita museotik. Bidaia baino lehen, eta segurtasuna bermatzeko prestaketaren ondoren, lurrunezko tren-makina martxan jartzeko beharrezko prestaketa guztietan lagundu ahal izango die bisitariak makinariari eta suginari, trenaren joan-etorri osoan kabinan bidaiatzeaz gain.