Titan Desert itzulian parte hartuko du Joseba Albizu txirrindulariak

Urola Kostako Hitza 2015ko api. 23a, 11:51

Titan Desert Marokoko desertuko itzulian parte hartuko du Joseba Albizu txirrindulari azpeitiarrak. Apirilaren 27an hasiko da proba, eta maiatzaren 2a bitartean 600 kilometrotik gora egingo dituzte, sei etapatan banatuta. MMR-Powerade taldearekin joango da Albizu, eta taldekide izango ditu Julen Zubero (Bizkaia), Vidal Celis (Kantabria, Espainia) eta Oscar Puyol (Herrialde Katalanak).

Boulmalne Dades udalerrian hasiko da itzulia, Alto Atlas mendilerroaren ondoan, datorren astelehenean; eta Maadid herrian bukatuko da, igande horretan bertan. Lehen hiru lasterketak mendikoak izango dira; eta azken hirurak, berriz, desertuan barrena. Beraz, denetik aurkitu dute Marokon txirrindulariek, eta arreta berezia jarri beharko dute GPSan, errepiderik gabeko probak izango baitituzte.

Albizuk lehen aldiz parte hartuko du itzulian, eta bere helburua taldeari laguntzea eta itzuliko lasterketa bat irabaztea da. "Lehen hiru etapak dira onak niretzat, menditsuak direlako", esan du txirrindulariak. Aurkariei dagokienez, "lasai" sentitzen dela dio azpeitiarrak; izan ere, han parte hartuko duten kirolarien aurka lehiatu izan da bera, eta “ondo” ezagutzen ditu.

Txirrindulariak "beti" izan du Titan Desert jokatzeko "ilusioa eta gogoa", baina talderik gabe ia ezinezkoa da proban parte hartzea. Aurten eman dio MMR-Powerade taldeak beraiekin joateko aukera. "Presiorik gabe noa hara, esperientzia hartzera. Aurtengoa lehen urtea da, eta espero dut errepikatzea", esan du. Albizuren hitzetan, "beti bezala" entrenatu du itzulia prestatzeko.

Teledeporte telebista katean emango dituzte etapa guztien laburpenak, iluntzeetan. Honakoa da antolatzaileek Titan Desert-eko proben inguruan prestatu duten bideoa.