Lagun Onak Mendi Bazkunak asteburu osorako irteera prestatu du apirilaren 23 eta 24rako. Pirinioetara joango dira mendizaleak, Azpeititik zapatu goizeko seietan abiatuta. Bi ibilaldi egingo dituzte, zapatuan Bisaurinera eta igandean Castillo de Acherrera.
Helduei zuzendutako irteera da asteburukoa. Parte hartu ahal izateko federatuta egotea ere derrigorrezkoa da, eta pioleta eta kranpoiak eramatea ere beharrezkoa. Izena emateko azken eguna bihar, osteguna, izango da. Mendizaleen tabernan edo webgunean (www.lagunonakmb.org) eman daiteke izena, 60 euroren truke Lagun Onak MBko bazkide izanez gero, 50 euroren truke langabetu eta ikasleek, eta 70 euro ordainduta gainerakoek. Gabarditoko aterpean afaria, logela eta gosaria sartzen dira ordainean.