Izarraizko Mendi Lasteketa zapatu arratsaldera aurreratu dute

Urola Kostako Hitza 2015ko api. 22a, 11:42

Izarraizko txokoak mendizalez eta lasterkariz beteko dira larunbat honetan, Izarraizko Mendi Lasterketa jokatuko baita 11. urtez. Aurten, Anaitasuna Mendi Bazkunari dagokio lasterketa antolatzea, beraz Azkoitian hasi eta amaituko da proba.

Izarraizko txokoak mendizalez eta lasterkariz beteko dira larunbat honetan, Izarraizko Mendi Lasterketa jokatuko baita 11. urtez. Aurten, Anaitasuna Mendi Bazkunari dagokio lasterketa antolatzea, beraz Azkoitian hasi eta amaituko da proba. Ibilbidea berdina izango baitute ere, abiapuntu berria izango dute aurten parte hartzaileek; Balda Plazatik irten beharrean, Plaza Berrian izango da irteera eta helmuga, antolatzaileek herrira gerturatu nahi izan baitute proba. Horrez gain, igande goizetik larunbat arratsaldera aurreratu dute lasterketa, herrian giro gehiago egoten delakoan eta ikusle gehiago bertaratzeko asmoz.

Urtetik urtera gehitzen ari da Izarraizko Mendi Lasterketan parte hartzen dutenen kopurua. Anaitasunaren arabera, "modan" daude mendi lasterketak, eta horren adierazgarri da aurten izan duen gorakada; aurreko urteetan 100 parte hartzaile inguru izan ohi dira, eta aurten dagoeneko 225 lagunek eman dute izena. Gehienez 250 lagunentzat prestatu dute proba, eta aurrez izena emateko epea bihar (asteazkena) amaituko da.www.kirolprobak.com atarian eman behar da izena, eta txip horia dutenek 19 euro ordainduko dute, eta ez dutenek 22 euro. Egunean bertan ere egongo da inskribatzeko aukera, 14:00etatik 15:30era bitartean, baina orduan 24 eta 27 euro ordaindu beharko dute txipdunek eta gabekoek. Anaitasunako bazkideek, berriz, doan izango dute izena ematea, beti ere Internetez egiten bada.

16:00etan hasiko da Izarraizko Mendi Lasterketa, eta korrikalariek 21 kilometro egingo dituzte mendian. Ohiko ibilbidea izango dute aurretik: Plaza Berritik irtenda, Kakutera igoko dira Pago bakarretik, eta Izkiturritik basoa zeharkatu eta Aittolara iritsiko dira. Hango gurutzetik, Erlora joango dira, eta handik Xoxotera joan ondoren herrira itzuliko dira. Antolatzaileen esanetan, "proba gogorra" eta "teknikoa" da Izarraizkoa, harri askoko ibilbidea baitu. Hori hala, mendian prestatutako kirolariak irten ohi dira lasterketan.

Bi urtetik behin antolatzen du Anaitasuna Mendi Bazkunak lasterketa hau, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunarekin txandaka. Haien esanetan, 19:30erako amaituta egongo da lasterketa, eta 20:00etan hasiko dira sariak banatzen. Ohi bezala, lehen hiru emakume eta gizonezkoei eta lehen azkoitiarrei emango dizkiete sariak.