55 gidaritik gora aterako dira zapatuan Azpeitiko XVI. Rallysprintean

Uztarria.eus 2015ko api. 21a, 18:32
Rallysprinteko antolatzaile, babesle eta parte-hartzaileetako batzuk, kartelak eskuetan, atzoko aurkezpenean.

Parte-hartzaileetako hamahiru azpeitiarrak dira, lasterketa irabazteko faboritoen artean dagoen Joxe Labaka tartean dela. Goizean 10:00etatik aurrera egingo dituzte egiaztatze lanak Epaitegietako plazan, eta lasterketa bera 15:00etan hasiko da, Errezilerako errepidea hasten den puntuan.

"Pronostiko oso irekia" du Azpeitiko XVI. Rallysprintak. Hala adierazi zuten atzo, astelehena, Lagun Artea Eskuderiako antolatzaileek, zapatuan jokatuko den lasterketaren aurkezpenean. Lagun Arteako kide eta lasterketaren zuzendari Maikel Del Cidek eman zituen probaren xehetasunak prentsaurrean, Manuel Unanue Udaleko Kirol batzordeburua, Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioaren presidentea, Javier Pastor Gulf etxeko ordezkaria -babesleetako bat- eta Urtzi Oteiza Kaito gidaria ondoan zituela.

55 gidarik baino gehiagok eman dute izena apirilaren 25eko probarako. Horietatik 19 bailarako gidariak dira, eta bailarakoen artean gehienak, hamahiru, azpeitiarrak: Joxe Labaka (Mitsubishi EVO V), Iban Ibarreta (BMW 325i), Iñaki Aiertza (Mitsubishi EVO VII), Ibon Otaegi (BMW M3), Jokin Agirre (BMW M3), Jon Arregi (Abarth Punto EVO), Jokin Aiertza (BMW 325i), Felix Astorkia (BMW 323i), Gorka Otaegi (BMW 320i), Aitor Lazkano (Ford Sierra Cosworth), Urtzi Oteiza (Renault Clio Sport), Iban Etxaniz (Renault Clio Sport), Garikoitz Zubizarreta (Peugeot 205 Maxi).

Joxe Labaka azpeitiarra da, hain zuzen ere, rallysprinta irabazteko faboritoetako bat. Azpeitikoa Rallysprinteko Gipuzkoako Txapelketarako eta Euskal Txapelketarako laugarren proba puntuagarria izango da. Aurreneko hiruak jokatuta, Iban Tarsicio (Mitsubishi EVO IX) dago sailkapenaren buruan, Aingeru Castroren (BMW M3), Enrique Barrenetxearen (Mitsubishi EVO IX) eta Labaka beraren aurretik. Behin-behineko sailkapenaren aurrekaldean dabiltzan gidari horiek denak izango dira zapatuan lehian eta faboritoen artean, Mattin Villaresekin (Renault Cllio Maxi) batera, besteak beste.

Azpeitiko Rallystrintean parte hartuko duten bertako hainbat gidari izan zen atzoko aurkezpenean. Urtzi Oteiza Kaito izan zen hitza hartu zuena. "Karrera berezia" dela esan zuen Oteizak, "hasierako partean errepide zabalarekin, euria eginez gero labaina izan daitekeena, eta teknikoagoa den bigarren zati batekin, errepide estuarekin eta bihurgune askorekin". Bere kotxearen ezaugarriak kontuan hartuta, "nik euria eskatzen dut", gaineratu zuen azpeitiar gidariak.

Ordutegiak, ibilbidea eta aparkalekuak

Zapatu goizean 10:00etatik aurrera egingo dituzte egiaztatze lanak, administratiboak Garoa kafetegian eta teknikoak Epaitegietako plazan. Lasterketa Azpeititik Errezilerako errepidean eta Benta-berritik Etumetarako bidean jokatuko da. Kronometratutako hiru mangak osatuko dute lasterketa eta lehendabizikoa 15:00etan hasiko da, Errezilerako errepidea hasten den puntuan. Sari banaketa, berriz, Epaitegietako plazan egingo dute, 19:30ean.

Ikusleei zuzendutako oharrak ere eman dituzte antolatzaileek. Lasterketaren ibilbidean "aparkatzea debekatuta" egongo denez, ikusleek autoak utzi ahal izateko gomendioak hauek dira: Landetako poligonoa, Aizarnara eta Erdoiztara doazen errepideak (helmugaren ondoan), eta Benta-berriko bidegurutzetik Errezil aldera doan bide zatia. Azken aparkaleku hori errepidea ixten denetik erabili ahal izango da. Errepideak itxi ondoren Errezildik Azpeitia aldera etorri nahi duten ibilgailuek, berriz, Loidiko bidetik ibili beharko dute.

Zuzeneko jarraipena

Aurrekoetan bezala, rallysprintaren zuzeneko albisteak jaso nahi dituztenek Euskadi Irratiaren bidez jaso ditzakete. Interneten ere, www.fotomotor.es webgunean jarraitu ahal izango dira denborak, zuzenean.