Azpeitiko langabezia tasak behera egin du martxoan

Uztarria.eus 2015ko api. 21a, 14:29

Urtarrilean baino 52 lagun gutxiago zeuden langabe martxoan Azpeitian. %13,7 izan da martxoko langabezia tasa, eta 1.007 langabe daude herrian. Eneko Etxeberria alkateak jakinarazi duenez, Azpeitiko tasaren joera "oso positiboa" da, baina "lanean jarraitu" behar dela adierai du, "enpleguaren kalitateak kezka" sortzen dielako.

Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, langabe kopuruak behera egin du martxoan herrian. Jakinarazi dituten datuen arabera, martxoan %13,7 izan da Azpeitiko langabezia tasa eta, guztira, 1.007 azpeitiar daude langabezian. Urtarrileko datuekin alderatuta, %1,1 jaitsi da langabezia tasa, eta 52 langabetu gutxiago daude herrian. 

Langabezia tasaren beherakada eskualde osoan nabaritzen dela adierazi du Etxeberriak. Izan ere, Azkoitiko tasa %13,8 da eta Zestoakoa, berriz, %13,6. Urola eskualdeko tasa %13,61 da, Gipuzkoakoa %13,4 eta Euskal Autonomia Erkidegokoa %16,1.

Eneko Etxeberria alkateak esan duenez, "Azpeitiko tasaren joera oso positiboa da, baina lanean jarraitu behar dugu, enpleguaren kalitateak kezka berezia sortzen digulako". Udalak jakinarazi du abian direla sustapen ekonomikorako diru-laguntzak, eta "aktibitate ekonomikoren bat martxan jarri nahi duen edonork" eskuratu ditzakeela esan du. Azpeitiko Udalak, Iraurgi Berritzenen bidez, 500.000 euro bideratu ditu sustapen ekonomikora.