Azpeitiko ondarea zaintzeko saiakera

Urola Kostako Hitza 2015ko api. 17a, 12:04
Erdi ezabatutako armarria, duela urte batzuk. (Pako Epelde)

1555. urte inguruan eraiki zuten parrokian Bakardadearen Kapera. Orduz geroztik, ez dute berritu kanpo horma, eta hango armarriak babesteko asmoarekin, Jose Luis Larrañaga buru-belarri dabil lanean.

"Beti kanpora begira bizi gara, eta askotan etxean ditugu gauzarik ederrenak". Hala erantzun du Kepa Susperregi Azpeitiko apaizak parrokiko kanpo horman berritzen ari diren armarriez galdetzean. 1555. urte inguruan eraiki zuten Barkardadearen Kapera parrokian, eta ordutik ez dute ukitu; ez, behintzat, kanpoko aldea. Horrenbestez, 445 urte igaro dituzte hor hiru armarriek: Carlos V.arenak, Azpeitikoak eta, gaur egun, ezabatuta dagoenak. Orain, udalaren enkarguz, Jose Luis Larrañaga zaharberritzailea lanean ari da etxaurrean dauden artelanak txukuntzeko, "hasieran zegoen irudia errespetatuta".

Armarriak txukuntzea, ordea, ez da hirigintzari lotutako lan soil bat. Horren erakusle da Hitza-k Jose Luis Larrañaga Bilbon harrapatu izana: "Hain zuzen, Bilbon harrapatu nauzue. Hiru armarrietako batean ez dugu oso argi ikusten zer irudi zegoen, eta ikerketa lanetan ari naiz: tesiak begiratzen, jendearekin hitz egiten...". Izan ere, "lan serioa" da ondarea berreskuratzearena, eta "oso garrantzitsua" da bertsio originalari "leiala" izatea.

Azpeitiko zaharrenetakoa

Duela urte batzuk Azpeitiko parrokiak eskatu zuen aurrekontua kanpo horma horretako irudiak berritzeko. Kepa Susperregi apaizaren arabera, une horretan "beste lehentasun batzuk" zituztela-eta, albo batera utzi zuten proiektua. Neguan heldu dio udalak armarrien gaiari, eta Larrañaga lanaren karguan jartzea erabaki dute.

Susperregiren hitzetan, erakundeko ordezkariak beraiekin harremanetan jarri ziren proiektua interesgarria iruditzen al zitzaien jakiteko; eta, behin baiezkoa jasota, haiek hartu zuten ardura. Apaizaren arabera, Madalena txukuntzen ere hastekoak dira, beraiek ezin dutelako iritsi denera.

Erreportajea osorik irakurtzeko egin klik hemen.