'Baratzaren udaberria' jardunaldiak egingo dituzte ostiralean eta zapatuan herrian

Uztarria.eus 2015ko api. 16a, 18:03
'Baratzaren udaberria' jardunaldien kartela.

Udalak eta Kutxa Ekoguneak antolatuta, liburu aurkezpenak, solasaldiak, tailerrak eta abar izango dira, Furgobaratza zerbitzuaren aurkezpena tartean dela.

"Baratzeei etekin handiena ateratzeko garaia heldu" dela eta, Azpeitiko Udalak eta Kutxa Ekoguneak Baratzaren udaberria izeneko jardunaldiak antolatu dituzte. Bi egunez, ostiralean eta zapatuan, hainbat ekitaldi izango da herrian: liburu aurkezpenak, solasaldiak, tailerrak... Hazien ugalketari buruzko eskuliburua-ren aurkezpenarekin hasiko dira jardunaldiak bihar, ostirala, 11:00etan udaletxean. 18:30ean, berriz, hitzaldia emango du Jakoba Errekondok Sanagustinen. Zapatua, berriz, tailerren eguna izango da.

Furgobaratzarekin lehen hitzordua

Furgobaratza deritzon zerbitzuaren estreineko hitzordua ere jardunaldion barruan kokatu dute. Kutxa Ekoguneak Gipuzkoako baratze parkeei zuzenduta abian jarri duen zerbitzua da Furgobaratza. Apirilean hasita eta azaroa bitartean, hilean behin hurbilduko da Furgobaratza baratze parke bakoitzera, baratzakideei aholku teknikoak eta gomendiok eskaintzera; landare eta produktu ekologikoak ere eskuragarri izango dituzte baratze erabiltzaileek Furgobaratzan.

Azpeitian zapatuan, hilak 18, egingo dute Furgobaratza zerbitzuaren aurkezpena eta lehen ekinaldia: 09:30etik 11:30era Otzakako gunean egongo da, eta 11:30etik 13:30era Izarraizpekoan. Maiatzean hilaren 16an, ekainean 20an, uztailean 18an, abuztuan 22an, irailean 19an, urrian 17an eta azaroan, azkenik, hilaren 21ean emango du zerbitzua Furgobaratzak.

Egitaraua

Hona hemen, Baratzaren udaberria jardunaldien egitarau osoa:

Apirilak 17, ostirala:

  • 11:00: Hazien ugalketari buruzko eskuliburua-aren aurkezpena, egileen eskutik: Jose Maria Hernandez (Cristina Eneako zuzendaria) eta Marc Badal (Haziera proiektuaren arduraduna).
  • 18:30: Jakoba Errekondorekin solasaldia Sanagustin kulturgunean. Bizi baratzea liburua aurkeztu ondoren, Baratzeko kultura izeneko hitzaldia emango du Errekondok.
  • 20:00: Bertako produktuekin egindako pintxoen dastaketa.

Apirilak 18, zapatua, Izarraizpeko baratzeen gunean:

  • 10:00: Hazien tailerra, Marc Badalen eskutik.
  • 11:00: Hazitegia sortzeko tailerra: ohe beroaren teknika. Kimu Bat-ek emango du tailerra.
  • 12:00: Tomate tailerra, Karabeleko elkartearen eskutik.
  • Furgobaratza zerbitzuaren aurkezpena: 09:30etik 11:30era Otzakako gunean, 11:30etik 13:30era Izarraizpen.