Hamar urtean, musikarien harrobi

Urola Kostako Hitza 2015ko api. 16a, 11:46

Apirilaren 26an itxiko dute Azpeitiko Txarrantxa taberna, punk musikaren maitaleentzat erreferentzia izan dena. Hori dela-eta, 'Azken Dantza' ekitaldia prestatu dute larunbaterako.

Jaiak, lagunak, musika eta garagardoak. Taberna bat baino gehiago izan da Azpeitiko Txarrantxa hamar urtean. 2005ean ireki zituen ateak, eta ibilbidea bukatuta, apirilaren 26an itxiko dute. Hamar urtean, inguruko eta atzerriko musika taldeei oholtza eskaini die Txarrantxak, eta hamaika disko saldu dituzte barraren atzeko apaletan. Larunbat honetarako prestatu dute Azken Dantza izeneko ekitaldia, eta "etxeko" zortzi taldek joko dute bertan, 17:00etatik aurrera.

Hiru lagunek hartu zuten Txarrantxa, 2005ean, eta haien hitzetan bertako jendeak eman zion "izaera" tabernari: "Musikeroak ziren bezeroak, eta geu ere bai. Tabernaren nortasuna ez zen nahita erabakitako zerbait izan". Nahita izan edo ez, punk musikari estu lotutako giroa izan du tokiak, eta horren erakusle dira bertatik ateratako taldeak eta han jo izan dutenak. Orotara, 100 bat taldek zapaldu dute Txarrantxako taula, eta 400 kontzertu inguru eskaini dituzte, 110 ekitalditan banatuta.

Azpeitiko eta inguruetako musika taldeez gain, atzerritik etorritakoek ere jo dute Txarrantxako hormen artean. AEBtatik, Mexikotik, Kataluniatik edo Finlandiatik jaso dituzte bisitariak, besteak beste.

Erreportaje osoa irakurtzeko egin klik hemen.