Dena prest 'Irribanda' emanaldirako

Uztarria.eus 2015ko api. 15a, 14:15

Dena prest edo ia prest dute Udal Musika Bandak eta Juan Antxieta musika eskolak, zapatuan, hilak 18, Pirritx, Porrotx eta Marimotots paliazoekin eskainiko duten Irribanda emanaldirako. Izarraitz pilotalekuan izango da ikuskizuna, 17:30ean hasita, eta besteak beste, KBeat taldeak, dantza suelto eskolak zein Tobalo Iglesias Sevillana taldeak ere hartuko dute parte emanaldian.

Sarrera gutxi batzuk besterik ez dira gelditzen dagoeneko, eta musika eskolan eskuratu daitezke. Juan Antxieta musika eskolako zuzendari Mari Jose Bikendik azaldu duenez, 16:30ean zabalduko dituzte Izarraitz pilotalekuko ateak. "1.100 lagun joango dira emanaldira, eta eserlekuak zenbakituak badira ere, komeni da jendea lehenago bertaratzea egoki antolatzeko", esan du Bikendik. Emanaldia 17:30ean hasiko da, eta ordu eta erdi ingurukoa izango da.