Santa Engraziko eguna ospatuko dute igandean Lagun Onak MBkoek

Uztarria.eus 2015ko api. 14a, 19:19
2013ko Santa Engraziko egunean ateratako argazkia. (LAGUN ONAK MB)

09:00etan abiatuta, egun osorako irteera antolatu dute. Gaztetxoak autobusez joango dira Zestoaraino; helduek, berriz, Azpeititik Santa Engrazira oinez joateko aukera izango dute. Autobusean joan behar dutenek soilik eman behar dute izena eta epea ostegunean bukatuko da. Zapatuan, bestalde, eskola kirolekoek mendi ibilaldia egingo dute Izarraitzen magalean.

Igandean, apirilak 19, ospatuko dute aurtengo Santa Engraziko eguna Lagun Onak Mendi Bazkunakoek. Urtero legez, egun osorako irteera antolatu dute mendizaleen elkartekoek. 09:00etan abiatuko dira plazatik, eta Zestoan 09:30ean dute hitzordua, handik Santa Engrazira igotzeko. Gaztetxoak autobusez joango dira Zestoaraino; helduek, berriz, Azpeititik Santa Engraziraino oinez joateko aukera izango dute.

Santa Engrazin, nahi duenak salda beroa hartzeko aukera izango du beheko bentan. Umeentzako jolasak eta erromeria ere ez dira faltako, eta bazkaltzera Aizarnara jaitsiko dira mendizaleak. Aizarnan izango dute, hain zuzen ere, Azpeitira itzultzeko autobusa, 18:00etan. Eguraldiaren arabera, hori bai, ibilaldian aldaketak izan daitezke.

Autobusean joan behar dutenek soilik eman behar dute iganderako izena mendizaleen tabernan. Lagun Onak MBko bazkide direnentzat prezioa lau euro dira, eta sei euro bazkide ez direnentzat. Izena emateko azken eguna osteguna da, hilaren 16a.

Eskola kirola mendian

Zapatuan ere izango da mendi ibilaldia Azpeitian, kasu horretan, eskola kiroleko egitarauaren barruan. 10:00etan Betharrametik abiatuko da Lagun Onak MBkoek herriko ikastetxeetako LH3ko eta LH4ko ikasleeentzako prestatu duten lau kilometro inguruko ibilaldia. Ikasleen gurasoek eta gainerako mendizaleek ere har dezakete parte Izarraitzen magalean egingo den txangoan.