Iaz baino %30 bisitari gehiagok jo dute Loiolako turismo bulegora Aste Santuan

Uztarria.eus 2015ko api. 14a, 11:59

Martxoaren bukaeratik apirilaren 12ra bitartean 1.174 bisitarik jo dute Loiolan dagoen eskualdeko turismo bulegora. Bisitari gehienak, %38, euskal herritarrak izan dira, %32 espainiarrak eta %12 kataluniarrak. Aste Santuko turismo datuen balorazio "positiboa" egin du Iraurgi Berritzen garapen agentziak.

Loiolan dagoen turismo bulegoko datuak jakinarazi ditu Iraurgi Berritzen Azkoitiko eta Azpeitiko garapen agentziak, eta bisitari kopuruak gora egin du iazko Aste Santuko datuekin alderatuta. Izan ere, martxoaren bukaeratik apirilaren 12ra bitartean iaz baino %30 bisitari gehiago izan dira Loiolako turismo bilegoan. Zehatzago esateko, 1.174 bisitari igaro dira bertatik denbora tarte horretan. 

Bisitari gehienak, %38, euskal herritarrak izan dira, eta horietatik asko eguna pasatzera etorritakoak ziren. Bisitarien %32 Espainiakoak izan dira, "Gipuzkoa ezagutzera etorritakoak". Turismo bulegora jo dutenen %12 izan dira kataluniarrak, eta gainerako %18 atzerritarrak. Iraurgi Berritzenek jakinarazi duenez, azken horiek, batez ere, "turista erlijiosoak" ziren eta taldean bidaiatu dute.

Loiolako bulegora informazio eske joan diren bisitari gehienek inguruan egin edo ikusi daitezkeen ekintzen eta lekuen berri jakin nahi izan dute. Hala nola, Azkoitia Aste Santuez, bisita gidatuez, Urola Gustagarriz, museoez eta gainerako zerbitzuez galdetu dute. Horiez gain, Loiolako Santutegiaren eta Burdinbidearen Euskal Museoko lurrun trenaren inguruan ere galdetu dute.

Datu horien guztien balorazio "positiboa" egin du Iraurgi Berritzenek, eta Urola Erdiak bisitariei dagokienez duen "goranzko joera" azpimarratu dute. Udaberrirako eta udarako ere aurreikuspen baikorra dute garapen agentziakoek, Aste Santua datozen hilabeteetarako "termometroa" izan delako.