Soreasuko aparkalekuak alokatzeko eskaerak egin daitezke dagoeneko, eta Alde Zaharreko bizilagunek hamabi orduz doan aparkatu dezakete

Uztarria.eus 2015ko api. 13a, 14:02

Plaza eraberritzeko egindako galdeketaren harira hartutako erabakia tarteko, aparkalekuaren jabe ez direnek edo bonorik ez dutenek, eta Goiko kalean, plazan, Enparan kalean, Erdikalean, Elizkalean, Done Jakue kalean, Txaribarko Errebalean, Perez Arregi plazatxoan, Soreasu auzoan edo Madalena auzoan erroldatuta dauden herritarrek 12 orduz doan aparkatu ahal izango dute Soreasuko lurpeko aparkalekuan.

Azpeitiko Udalak joan den martxoaren 31ko udalbatzarrean erabaki zuen Soreasuko lurpeko aparkalekuen alokairu prezioak merkatzea, eta dagoeneko egin daitezke eskaerak udaletxeko harreran. Neurriarekin aparkalekuen erabilera sustatu nahi du Udalak, eta erabiltzaileek aurrerantzean 300 euro (BEZ barne) ordaindu beharko dute aparkalekuen urteko alokairua. 

Horrez gain, eta plaza eraberritzeko egindako galdeketaren harira hartutako erabakia tarteko, aparkalekuaren jabe ez direnek edo bonorik ez dutenek, eta Goiko kalean, plazan, Enparan kalean, Erdikalean, Elizkalean, Done Jakue kalean, Txaribarko Errebalean, Perez Arregi plazatxoan, Soreasu auzoan edo Madalena auzoan erroldatuta dauden herritarrek 12 orduz doan aparkatu ahal izango dute Soreasuko lurpeko aparkalekuan. Behin hamabi orduak igarotakoan, 0,0089 euro ordaindu beharko dute minutuko erabiltzaile horiek. Etxebizitza bakoitzeko auto bakar batek izango du hamabi orduz doan aparkatzeko baimena.

Trastelekuak ere alokatuko dituzte, 100 euroren trukean, eta aparkalekua eta trastelekua nahi dituztenek 350 euro ordaindu beharko dituzte bien trukean. Bestalde, aparkalekuko hileko bonoak ere eskuragarri daude, eta 55 euro ordaindu behar dira.