Plazako kiosko zaharra kentzen hasiko dira datorren astean

Uztarria.eus 2015ko api. 10a, 19:04
Irudikoaren itxura izango du plazan jarriko duten kiosko berriak. (AZPEITIKO UDALA)

Berria "gaur egungoaren oso antzekoa" izango dela azaldu du Ainhoa Beristain zinegotziak. Eskaileren partez arrapalak izango ditu eta zabalera handiagoa izango du; festetan jartzen zaion gehigarriaren neurrikoa izango da, hain zuzen. Komun publikoak, berriz, Berdura plazan jarriko dituzte.

Plaza Nagusiko eraberritzearen barruan, datorren astean hasiko dira kiosko zaharra kentzeko lanak, Udalak gaur jakinarazi duenez. Plaza berritzearen gainean 2014ko ekainean egindako herri galdeketan, kioskoa mantentzearen alde azaldu ziren bozkatu zutenetatik %59,67. Kiosko zaharra, ordea, "ez dago egoera onean, sabaia gaizki dago eta ez da oso erabilgarria. Horregatik, berria jarriko da, gaur egungoaren oso antzekoa", azaldu du Ainhoa Beristain zinegotziak, kiosko berria "herriko errealitateari egokitutakoa" izango dela gaineratuz.

Horrela, kiosko berriak irisgarritasun arauak beteko ditu eta, eskaileren partez, bi arrapala izango ditu. Zabalera handiagoa ere hartuko du, "erabilgarriagoa izateko asmoz"; oraingoari festetan jartzen zaion gehigarriaren neurrikoa izango da, hain zuzen ere. Emanaldietarako agertoki itxura emateko, berriz, aurrekaldeko zutabeen arteko tartea oraingoena baino handiagoa izango dela aurreratu dute.

Kiosko zaharrak ez bezala, berriak ez du azpian komun publikorik izango. Komun publiko berriak Berdura plaza berrituan kokatuko dira. Hala ere, kiosko berriaren azpikaldean "lokal edo gune bat gordeko" dela esan dute.

Kiosko zaharra kendu eta zoru berria jartzeko lanen aurrekontua 65.000 eurokoa izango da.